Zuhaitz Igoera Txapelketa bertan behera uzteko eskatu du Parkean Bizirikek
Gladys Enea parkeko zuhaitzen itzalguneak.Artxiboko irudia Donostiako Udalak Espainiako XXII. Zuhaitz Igoera Txapelketa antolatu du Gladys Enean, asteburu honetarako. Albisteak kezkak piztu ditu naturzaleen artean, hasi baino bi egun lehenago eman baita jardueraren berri, hilabeteetako prestaketa isilean egin izan ondoren.
Parkea Bizirik elkarteak salatu duenez, jarduera udaberri betean ospatzea “kolpe gogorra” da parkeko ekosistemarentzat. Une honetan, hegazti asko zuhaitzetan inkubatzen eta txitatzen ari dira, eta zuhaitzak berak garapen fase kritikoan omen daude. Gainera, txapelketak jende andana, kontzertuak eta “baso makineria azoka bat” ekarriko dituela ohartarazi dute, parkeak behar duen “bakea eta lasaitasuna” urratuz.
Elkarteak gogorarazi du parkeko espezie asko legez babestuta daudela, baina azken hamarkadotan degradazio nabarmena jasan dutela.
Kudeaketa kaskarrari, kritika
Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak adierazi du jarduerak hiriko zuhaitzen ondarea balioan jarriko duela, baina Parkea Biziriken ustez, baieztapen hori “errealitatetik urrun” dago. Halaber, Gladys Enean egiten diren beste makro ekitaldi batzuk ere kritikatu dituzte, hala nola Glad is the Day kontzertua, egun bakar batean 25.000 lagun biltzeak fauna babestua kanporatzen duelako.
Egoera horren aurrean, elkarteak honako neurri hauek eskatu dizkio udal gobernuari: txapelketa berehala bertan behera uztea, naturarentzat kaltegarria delako; ingurumen zinegotziaren dimisioa eta udalaren barkamen publikoa eta diziplina anitzeko patronatu bat eratzea, loteslea eta ordaindu gabea, parkeko bioaniztasuna berreskuratzeko eta antzeko ekitaldiei “ezetz” esateko gaitasuna izango duena.

