Auzoko Kafea Intxaurrondon, auzo hobe baten aldeko topalekua
Auzoko Kafea egitasmoa sortu dute Intxaurrondon, auzoko eragile zein bizilagunek elkarren berri izan dezaten eta saretu daitezen. Bi saio egin dituzte dagoeneko, askotariko gaiei buruz hausnartuz. Gero eta jende gehiago erakarri nahi dute, gero eta jende gehiago saretu dadin auzoan.
Intxaurrondoko bizilagunek zein eragileetako kideek hartu dute parte Auzoko Kafearen saioetan. Politki elkartea Donostiako auzo eta herri guztietan, asko dira arlo batean edo bestean lan egiten, borrokatzen eta egitasmoak antolatzen dabiltzan eragileak eta bizilagun antolatuak. Sarritan, ordea, ez dute elkarren berri izateko tarterik aurkitzen, ezta elkarrekin lan egiteko biderik ere, nahiz eta auzoa bera eta auzoarekiko atxikimendua duten komunean. Horri heldu dio Intxaurrondoko Politki elkarteak, IZBE auzo elkartearekin batera, Auzoko Kafea egitasmoa antolatuz.
Maria Alonso Politki elkarteko kideak nabarmendu du «topaketa» bat dela Auzoko Kafea: «Helburuak dira harremanak sustatzea eta sakontzea, ideia garrantzitsuak eztabaidatzea eta gure auzoan aktiboki parte hartzea. Hori guztia, noski, topagune bat sortuz eta autoantolaketan oinarrituz, errespetuz eta elkarri entzunez».
Egitasmoa hilean behin elkartzean datza, eta bi saio egin dituzte dagoeneko, martxokoa eta apirilekoa. «Oso saio atseginak izan dira biak, eta askotariko gaiak atera dira, baita proposamen interesgarriak ere». Alonsok azaldu duenez, hainbat bizilagunek hartu dute parte saioetan, tartean, IZBEko, Plazara Goaz euskara batzordeko eta Intxaurrondo Berri emakumeen elkarteko zenbait kidek.
Auzoko Kafea egitasmoko saioak erabat irekiak dira, bai eztabaidatzeko gaiak proposatzeko orduan, baita parte hartzeko orduan ere
Mugikortasuna, hirigintza, laguntza sareak eta abar
«Askotariko gaiak atera ziren, baina garrantzitsuenetako bat izan zen auzo barneko komunikazioa», azaldu du Politkiko kideak, Intxaurrondoko aldarrikapen historiko bat hizpidera ekarriz: «Intxaurrondo Zaharretik anbulatoriora joateko, adibidez, ez dago komunikaziorik autobusez eta jende askorentzat, arazo handia da hori, distantziarengatik eta aldapengatik, besteak beste». Auzoko eragile ugarik urteak daramatzate Intxaurbusa aldarrikatzen, eta, horregatik, intxaurrondotar batzuk «haserre puntu batekin» atera ziren saioetatik, «konturatuta zenbat urte daramatzaten gauza berberak eskatzen».

Intxaurrondotarrek urteak daramatzate Intxaurbusa aldarrikatzen, testuinguru askotan; hala nola San Sebastian egunean.Beñat Parra
Anbulatorioaren egoera txarraz ere luze eta zabal hitz egin zutela kontatu du Alonsok, baita adineko jendearentzako laguntza sareen beharraz, euskarak auzoan bizi duen egoeraz, auzoa hobetzeko hirigintza beharrez eta, oro har «auzoa egiteaz» ere.
Gaiak eztabaidatzeaz gain, «ekintza proposamenak» ere egin daitezke Auzoko Kafean, eta halako batzuk atera dira aipaturiko bi saioetatik, Alonsok nabarmendu duenez: «Anbulatorioaren inguruan, adibidez, sortu zen idatzi bat egiteko ideia, udalari helarazteko, anbulatorioaren egoeraren berri emanez. Baita ere, artikulu bat idaztea IZBEk urtean behin argitaratu ohi duen aldizkarian argitaratzeko. Horiek hurrengo saiorako etxeko lanak dira, hain zuzen ere». Eta bestelako proposamenak ere mahaigaineratu zituzten parte hartzaileek, Politkikoak kontatu duenez: «Elkarren berri izateko aldizkari bat sortzea, adinekoentzako laguntza sareak lantzeko harremanak sendotzea eta abar».
«Ekintza proposamenak» ere egin daitezke Auzoko Kafean, eta halako batzuk atera dira aipaturiko bi saioetatik
Jarraituko dute
Maiatzaren 27an egingo dute Auzoko Kafearen hurrengo saioa, Larrotxene Kultur Etxean. «Printzipioz, azkena da, baina antolatzaileon zein parte hartzaileen balorazioa oso positiboa denez, hilean behin elkartzen jarraitzeko asmoa dugu, ekainetik aurrera edo udazkenetik aurrera».
Horrela, auzotar gehiagorengana heldu nahi dute, eta, horregatik, Alonsok nabarmendu du saioak erabat irekiak direla, bai eztabaidatzeko gaiak proposatzeko orduan, baita parte hartzeko orduan ere: «Edonor etor daiteke saioetara, elkarteetako kideak zein norbanakoak. Eskatzen dugun gauza bakarra da Intxaurrondorekin loturaren bat edukitzea, hemen bizita edo ez». Izan ere, argi dute tokikotik saretzea dela bidea: «Horrelako espazio irekiak, autoantolaketan oinarritutakoak, ezinbestekoak dira. Hortik etorri daiteke indarra: txikitik, tokikotik, partekatzen dugun toki horretatik; kasu honetan, auzotik, Intxaurrondotik».

