Bi mundu, hortxe bertan
2026ko Kontxako Barandako irudia.Joseba Parron San Sebastian Batzuetan, leku berean bi mundu elkartzen direla dirudi, bi errealitate. Argazkian bezalaxe: dantzariak Kontxako barandan, balletean murgilduta, beste ezertan pentsatu gabe eta, beraien azpian, hondartzan, jendea udaberriko eguzki izpiak aprobetxatzen, gainean duten ikuskizuna begiratu ere egin gabe, beste mundu batean. Halako aldebikotasunak ederrak dira batzuetan; edo kuriosoak, behintzat.
Ez, ordea, gauza serioez ari garenean. Demagun, etxebizitzaz. Adibidez, etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea bermatuta ez duten milaka herritar daudenean eta, aldi berean, agintariek etxebizitzaren arazoa fenomeno natural bat izango balitz bezala planteatzen dutenean. Prezioen gorakada etengabea, eskaintza urria, etxebizitza hutsak, etxebizitza turistikoak eta bigarren etxebizitzak naturalki sortu izan balira bezala. Hamarkada luzez boterea eta esku hartzeko ahalmena esku berberetan egon izan ez balitz bezala.
Bi mundu, leku berean: etxebizitza larrialdia pairatzen duten milaka herritarrak eta egoera zerutik eroritako zerbait balitz bezala azaltzen dutenak. Hondartzan ez bezala, ordea, kasu honetan, munduetako bat egiazkoa da eta bestea ez.

