Elkartasuna eta babesa adierazi diote Global Sumud Flotillari
Global Sumud Flotillari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, Donostian.Global Sumud Euskal Herria Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa humanitarioari eraso egin eta geldiarazi du azken orduotan nazioarteko uretan, Greziatik gertu, baita 175 ekintzaile inguru gatibu hartu ere, tartean, zenbait euskal herritar. Eraso horren aurrean, Palestinaren aldeko Global Sumud Euskal Herria plataformak mobilizazioak antolatu zituen ostegun arratsaldean Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Donostian, Bulebarren egin zuten elkarretaratzea. Era berean, ontzidiko kide euskal herritar baten testigantza plazaratu dute, hemen irakur dezakezuena.
“Flotillaren aurkako erasoa Palestinako herriaren aurkako erasoa da, borroka eta erresistentziaren adibide den herriaren aurkakoa”, salatu zuten, Europako estatuen jarrera kritikatzearekin batera: “Europa bat dugu, etorkinek etorkizuna lortzeko bizitza arriskuan jarri behar duten bitartean haien aurka egiten duena, eta nazioarteko zuzenbidea defendatzeko ez duena ezer egiten, ezta bere bandera daramaten ontziak babesteko ere, elkartasunez eta borrokaz beteta doazenak”.
“Palestinako herriaren genozidioarekin konplize den Europa, egunero Gazan poliki-poliki gertatzen ari dena, Trumpen su etenaren gezurraren azpian. Zisjordaniaren kolonizazio bizkortuarekin konplize den Europa. Libanon eta Iranen inperialismoaren eta sionismoaren ofentsiba kolonialekin konplize den Europa. Espainiako Estatuaren gobernua Europako konplizitate horren parte da. Mugak blindatzen ditu migratzaileen aurka, Israelgo entitatearekin arma merkataritza mantentzen du eta aurrekontu militarrak modu errekorrean handitzen ditu”, gaineratu zuten, ildo beretik.
Era berean, Palestinaren alde mobilizatzen jarraitzera deitu zituzten herritarrak: “Guk Gazaren blokeoa salatzen eta hausteko borrokatzen jarraituko dugu. Israelek genozidioa gauzatzeko duen konplizitate katea salatzen jarraituko dugu, Amerikako Estatu Batuen eta Europako potentzien babesarekin. Palestinak egunero irakasten digu bizitza, borroka eta erresistentzia”. Horrela, lau eskaera zehatz egin zituzten mobilizazioan: “Flotillako ekintzaile guztiak eta ontziak berehala askatzea; Europako Batasuneko (EB) estatu guztiek eta instituzioek Israelek laguntza humanitarioa zeramaten flotillako ontzien aurka egindako erasoa gaitzestea; EBk eta bere estatu kideek Israelgo entitate genozidarekin duten lehentasunezko harreman akordioa etetea eta Euskal Herriko instituzioak eta enpresak (CAF, Sidenor, SAPA…) Israelgo entitatearekin dituzten harreman militar, politiko, ekonomiko, kultural eta akademiko guztiak berehala etetea”.

