Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Donostian, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik
Gizon bat bere bikotekidea hiltzen saiatu da bart Donostian, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Herritar batek 03:10ean jakinarazi dio Ertzaintzari, telefono dei baten bidez, gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola, etxebizitza batean.
Patruila batzuk bertaratu dira, eta, Ertzaintzaren arabera, “erasotzailea etxeko gela batean zegoen, biktimaren gainean, eta ito nahian”. Gizonezkoa, 26 urtekoa, atxilotu egin du Ertzaintzak une horretan, baita komisariara eraman ere, beharrezko izapideak egiteko.
Emakumezkoa, 24 urtekoa, konorterik gabe zegoen agenteek erasoa geldiarazi dutenean, baina osasun zentro batera eraman dute eta alta medikoa jaso du dagoeneko.

