Altzako XIII. Naturaldiak giza sorkuntza eta irudimena nabarmenduko ditu
Hilaren 14an hasiko da Altzako XIII. Naturaldia, eta ekainaren 5a arte iraungo du. Tarte horretan bost jarduera izango dira, gehienak adin guztietako pertsonei zuzenduak. Jarduera eta tailer guztiak doakoak dira. Adimen artifiziala hizpide bilakatu den garai honetan, giza sorkuntzari eta irudimenari (esaterako, euskal mitologiari) protagonismoa eskaini nahi zaie.
Programazio oparoa izango da aurten eta jarduera gehienak auzoko parkeetan burutuko dira, kultura eta natura uztartuz. Adin guztietarako programazioa ondu da eta auzotarren jakin-mina eta naturarekiko errespetua areagotzea izango da aurtengo ekitaldien xedea.
Egitaraua
- Maiatzak 14: Herrera-Mirakruz-Ulia-Donostia pasealdia. Ibilaldia gehi bi orduko bisita gidatua Ulia Interpretazio Zentroan. Topagunea: Herrerako Euskotren geltokia, 8:30.
- Maiatzak 15 eta ekainak 5: Natura elkarrekin eraikitzen ikastaro laburra. Sormena garatzeko doako ikastaroa. Arantza Martinez Etxarrik gidatuko ditu bi saioak. Larres parkea (Tomasene Kultur Etxea, eguraldia makurra izanez gero), 16:00-20:00. Belarriprest! ikastaroa.
- Maiatzak 16: Azken eguzkilorea haurrentzako antzezlana Patata Tropikalaren eskutik. Lehen aldiz Altza auzoan, lehen aldiz natura eremu batean. Larres parkea (Tomasene Kultur Etxea, eguraldia makurra izanez gero), 18:30ean.
- Maiatzak 25: Mi amigo el pingüino, David Shurmannen filma. Tomasene Kultur Etxea, 17:30ean.
- Maiatzak 30: La mitología de los árboles Hojarasca natura elkarteko Aitor Ventureira adituaren eskutik. Hiru orduko jarduera. Elkargunea: Txirrita bertsolaria 2 (jolas parke estalia), 11:00etan.


