Arzak jatetxeak bere izena erabiliz egiten ari diren online iruzurrak salatu ditu
Arzak jatetxea.Directo Al Paladar Arzak jatetxeak jakinarazi du bere marka eta irudiaren identitate ordezkatzea pairatzen ari dela. Jatetxeak salatu duenez, hainbat webgune eta profil faltsu sortu dituzte sarean, bezeroei mahaiak erreserbatzeko aukera faltsua eskaintzen dietenak.
Honakoa da iruzurraren funtzionamendua: erabiltzaileak jatetxearen itxura duten atarietan sartzen dira eta, erreserba bermatzeko, diru kopuru bat aurretik ordaintzeko eskatzen diete. Ordainketa hori egin ondoren, bezeroak ez du inolako berrespen ofizialik jasotzen eta emandako dirua galdutzat ematen da.
Neurri legalak, martxan
Jatetxearen arduradunek argitu dute, egoera, dagoeneko, autoritateen eskuetan dagoela: “Gure izen ona eta bezeroen segurtasuna babesteko, dagozkion neurri legalak hartu ditugu”, adierazi dute oharrean. Halaber, argi utzi nahi izan dute Arzak jatetxeak ez duela inolako zerikusirik plataforma horiekin eta ez duela inoiz ordainketarik eskatzen, ohiko prozedura ofizialetatik kanpo.
Hala, edozein motatako iruzurrik ez pairatzeko, jatetxeak gomendio argiak eman dizkie erabiltzaileei: erreserba guztiak jatetxearen atari ofizialaren bidez soilik egitea, norbaitek mezu edo webgune susmagarriren bat aurkituz gero, jatetxearekin zuzenean harremanetan jartzea, telefono ofizialaren bidez, eta sekula ez ematea kreditu- xartelen daturik, segurtasun bermerik ez duten guneetan.


