Donostia «europar proiektuaren zutabe aktibo» gisa aurkeztu du alkateak
Europaren Astea abiatzeko batzarra, osoko bilkuren aretoan.Donostiako Udala Europako Astea dela eta, Testuinguru etikoa: Europako balioak kaos geopolitikoaren aurrean jardunaldia egin dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hogeita hamar bat eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalek parte hartu dute. Esaterako, Jon Insausti alkateak.
Donostia “europar proiektuaren zutabe aktibo gisa” aurkeztu du Insaustik, “bere euskal nortasunetik, bokazio atlantikotik eta zientziaren eta ezagutzaren aldeko apustutik”. Gainera, nabarmendu duenez, “egungo erronkei kohesio sozialarekin, jasangarritasunarekin eta parte-hartze demokratikoarekin aurre egiteko gaitasun kolektiboaren araberakoa izango da etorkizuna”. Bestalde, adierazi du Donostiatik Europa ez dagoela urrun: “Egunero, auzoz auzo, pertsonaz pertsona eraikitzen den errealitatea da”.
Jardunaldian, Antonio Vitorino Justizia, Oinarrizko Eskubide eta Herritartasunaren Europako komisario ohiak aurrean hitz egin du. Ondoren, alkateak udalaren adierazpen bat irakurri du. Urruntze politikoaren eta diskurtso euroeszeptikoen gorakadaren testuinguruan, herritarren partaidetza eta elkarrizketarako guneak indartzea “funtsezkoa” dela esan du: “Donostiak herritarren konpromisoaren tradizio sendoa du, eta hori lantzen jarraitu behar du, tokian tokiko demokrazia indartzeko”.
Horrez gain, Donostiak “ikerketa, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren” alde egindako apustua nabarmendu du, “bere garapen ereduaren adibide gisa”. Azken batean, alkateak azaldu duenez, “Donostiak bat egiten du Europako hiri askoren erronkekin. Etxebizitza eskuratzeak, bizi kostua handitzeak eta presio turistikoak herritarren gizarte kohesioa eta bizi kalitatea probatzen dituzte. Erronka horiei heltzeko politika ausartak, Europako lankidetza eta nazioarteko erakargarritasunaren eta eguneroko bizitzaren arteko oreka justua behar dira”.


