Euskara parkeetara itzuliko da maiatzean, Parketarrak egitasmoarekin
Parketarrak egitasmoa, Parte Zaharreko Zuloaga plazan.Euskara Zerbitzua Gaur, hilak 4, hasiko da Parketarrak egitasmoaren udaberriko txanda. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek elkarlanean antolatuta, hiriko 18 auzotako 22 gunetan izango da jolasteko aukera, hilaren 22ra arte. Lehen saioak Altzan, Añorgan, Morlansen eta Zubietan egingo dituzte, gaur bertan.
Ekimenaren helburu nagusia haurrek euskara aisialdian, kalean eta parkeetan jolasten ari direnean erabiltzea da. Horretarako, saioak guztiz doakoak dira eta bi programa nagusitan banatzen dira adinaren arabera: Zabu-zibu (3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat) eta Txirrintxon (6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat).
Neguko arrakasta berresteko asmoa
Urteko lehenengo txanda otsailaren 23tik martxoaren 13ra bitartean egin zen, eta datuek ekimenaren harrera ona berretsi zuten: 1.118 haurrek eta 258 gurasok hartu zuten parte, neguko saioetan.
Euskara Zerbitzuaren eta auzoetako batzordeen iritziz, “Parketarrak oso tresna eraginkorra da euskara aisialdi eremuetara eramateko”. Hala, antolatzaileen esanetan, gurasoek oso balorazio positiboa egiten dute, kalean euskaraz jolasteko ohiturari eusteaz gain, jolas berriak ikasteko aukera ematen duelako.
Auzoz auzo
Egitasmoa hiriko txoko gehienetara iritsiko da, hilabete honetan. Zehazki, auzo hauetan egongo da martxan: Aiete, Antigua, Altza, Amara, Amara Berri, Añorga, Bidebieta, Egia, Gros, Herrera, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra, Txomiñenea eta Zubieta.


