Kulturen Arteko Astea «irekiagoa eta parte hartzaileagoa» izango da
Maiatzaren 15etik 23ra bitartean izango bada ere, Donostiako Udalako hilabete osorako programazioa prestatu du.
Kulturen Arteko Astearen aurkezpena.Donostiako Udala Herritar guztientzako jarduerak, erakusketak eta topaketak izango ditu aurtengo Kulturen Arteko Asteak. Gaur goizean egin dute aurkezpena, udaletxean, eta aurreratu dute programazioak hilabete osoa hartuko duela. Dena dela, astea bere horretan hilaren 15etik 23ra bitartean izango da.
Kulturen Arteko Astearen lehen edizioak harrera ona izan zuenez, udaleko Kultura Aniztasuneko Zinegotzigoak kultura aniztasunaren inguruko erreferente gisa eta hiriak bizikidetzarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa indartzeko topagune gisa finkatu nahi du. “Egitasmo hau kulturen arteko topagune erreal gisa finkatzen jarraitu nahi dugu, herritarrek aukera izan dezaten elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta bizikidetza eraikitzeko, betiere elkarrekiko errespetua eta aitorpena oinarritzat hartuta”, adierazi du Iñigo Garcia Aniztasuneko zinegotziak.
Egitasmoak hiriko elkarteek urte osoan zehar egiten duten lana biltzen du. Aurtengo edizioan hogei erakunde inguruk hartuko dute parte: beren esperientzia eta sustraitze komunitarioa eskainiko dituzte, Donostiako gizarte errealitatearekin konektatutako programazio askotarikoari forma emateko.
Berritasun gisa, Gipuzkoako Kultura Sailak ere parte hartuko du aurtengo edizioan, proiektua indartzeko eta bizikidetzarako espazio partekatu gisa finkatzen laguntzeko.
Jarduera aipagarrienak
Proposamen garrantzitsuenen artean, Paula Arbide argazkilariaren 40 salto erakusketa nabarmendu dute. Gaurtik aurrera eta hilabete osoan zehar EHUko Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoan egongo da ikusgai. Erakusketak saltoaren metafora erabiltzen du migratu eta beste nonbait hutsetik hasi behar izan duten pertsonak ikusarazteko.
Maiatzaren 15etik 30era, Garbera merkataritza gunean beste erakusketa bat egongo da ikusgai, Donostian aniztasuna nola adierazten eta banatzen den ezagutzeko aukera emango duena.
Programazioan kulturen arteko zuzeneko topaketarako ekimenak ere ageri dira, besteak beste, Cebanc lanbide heziketako ikastetxearekin batera antolatutako kulturarteko bazkaria, esperientzia partekatu bat oinarritzat hartuta, gastronomia eta tradizio desberdinetara hurbiltzeko aukera bat.
Kulturen Arteko Astea maiatzaren 23an amaituko da, eta horretarako, amaierako kontzertu bat antolatuko dute Intxaurrondon. Kontzertu horretan hainbat musika emanaldi egingo dira, hiriko kultura aniztasunaren isla.


