Alderdi Ederreko haur parkea berritzen hasi dira
Lauzpabost astez itxita egongo da haur parkea.Donostiako Udala Udalak Alderdi Ederreko haur parkea erabat berritzeari ekin dio, haren segurtasuna bermatzeko. Hirian gehien erabiltzen den jolasguneetako bat da eta elementuetako batzuk oso hondatuta zeuden: euskarri herdoilduak, panel hautsiak eta segurtasun zoladura ere hautsita dago zenbait tokitan. Hala, bi joko anitzak erabat desmuntatuko dituzte, egitura soilik mantenduz, eta elementuak tailerrera eramango dituzte konpontzeko edo pieza berriak egiteko. Ondoren, jokoak berriz instalatuko dituzte, malguki motako bi elementu berri ere gehituz. Halaber, joko eremu osoan segurtasun zoladura berrituko dute, hondatutako eremuak ordezkatuz.
Lanak lauzpabost astez luzatuko dira eta tarte horretan jolasgunea itxita egongo da. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak azaldu duenez, esku hartzearen bidez, gunea udako denboraldiaren atarian erabat erabilgarri egotea nahi dute. Ildo horretatik, azpimarratu du jakitun dela, jarduera horrek eragin handia izan dezakeela oso erabilia den espazio batean, baina “ezinbestekoa” dela “ekipamenduaren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko”.
Lanek 30.000 euro inguruko aurrekontua dute. “Jarduera honekin, Udalak berretsi egiten du espazio publikoak mantentzeko eta hobetzeko konpromisoa, batez ere haurrentzat direnak”, gaineratu du Garciak.


