Ategorrietako sarraskiari buruzko 'Ategorrietan Fisterra' komikia argitaratu dute
'Ategorrietan Fisterra' komikiaren egileak, Antza inprimategian. Ezker-eskuin: Beñat Apalategi, Malen Gainzarain, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitz.Dani Blanco / Argia Maiatzaren 27an, 95 urte beteko dira Ategorrietako sarraskitik: 1931ko egun hartan, Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka manifestari zauritu zituen Donostiako Ategorrietan. Gerra testuinguru batetik kanpoko XX. mendeko langileen aurkako Euskal Herriko sarraskirik handiena izan zen. Gertakariei buruzko Ategorrietan Fisterra komikia argitaratu du Argia hedabideak.
Malen Gainzarain arduratu da ilustrazioak egiteaz eta Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitz gidoia idazteaz. Bestalde, Koldo Izagirrek idatzi du hitzaurrea, eta libururako propio prestatutako bi abestiko soinu bandadun biniloa ere ondu dute. Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakar taldeetako kideen parte hartzearekin egin dituzte kantak, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren koplekin eta Anton Aviles de Taramancos poeta galiziarraren letrekin eginak. Komikia eta biniloa hemen daude salgai.
210 orrialdeko komikia da, tapa gogorrekoa eta ekoeditatua. “Komikiaren generoan lehen lana duten lau egileek itsaso zakar honetan nabigatzera garamatzate”, azaldu du Argia-k: “Itsas bidaiaren jatorrian Guardia Zibilak hildako Jose Novo galiziarraren ondorengoei egindako elkarrizketa dago. Pasaiako lan gatazkaren kontakizuna eta sarraskiaren eguneko kronika gertaeraren lekuko zuzenen testigantzetan oinarrituta daude. Gainerakoan, fikziozko errealitate historikoa da. Benetako pertsonaiek eta fikziozkoek itsaso berean nabigatzen dute, betiere gertatutakoaren egiazkotasuna desitxuratu edo baldintzatu gabe, baina begirada berri bat gehituta, Donostiarena”.


