Ategorrietan barrena egingo dute Janen ibilaldia
2025eko Janen ibilaldiko irudi bat; Martutenen egin zuten.Maitane Aldanondo Urteroko legez, Janen ibilaldia antolatu dute Donostian, munduko hainbat hiritan egin ohi den moduan, Jane Jacobs (Scranton, Pensilvania, AEB, 1916—Toronto, Kanada, 2006) hirigile eta aktibistaren jaiotegunaren bueltan, maiatzaren hasieran. Aurten, Ategorrieta auzunea ezagutuko dute parte hartzaileek. Jane’s Walk Donostia taldea, Ahiku elkartea, Nerea Lizarralde kazetaria eta Victor Aspe arkitektoa daude Ategorrietako ibilaldiaren antolatzaileen artean.
Larunbat honetan, maiatzaren 9an, izango da, 10:00etan Ategorrietako erlojutik abiatuta. Goiz osoko ibilaldia izango da, eta gune hauetan egingo dituzte geldialdiak: Basque Culinary Centerren (11:00), Altunaenean (11:45), bolatokian (12:30), Uliako mintegietan (13:00) eta Arzak jatetxean (14:00). Edonork hartu dezake parte, izena eman gabe.
2012tik antolatzen dituzte Donostiako Janen ibilaldiak. Helburua da kaleetan barrena ibiltzea da eta kaleetan gertatzen dena zein gertatu dena kontatzea. Mugikortasuna, segurtasuna, zarata, etxebizitza motak, memoria kolektiboa, aldarrikapenak eta beste hainbat dira ibilaldietan ukitu ohi dituzten gaiak. Goiz osoa hartu ohi dute ibilaldiek, auzoan barrena ibili ohi baitira parte hartzaileak, tarteka geldialdiak egin eta gidarien azalpenak entzunez, auzoa ondo ezagutu eta ulertzeko.
Ategorrietakoaren aurretik, Egian, Parte Zaharrean, Loiolan, Amaran, Altzan, Grosen, Añorgan, Amara Berrin, Intxaurrondon, Bidebietan, Ibaetan eta Martutenen egin dituzte ibilaldiak. Pandemiaren eraginez, bi urtez ezin izan zuten ibilaldirik egin, baina 2021ean, Txomiñeneari buruzko dokumental bat egin zuten.


