Musika eta Dantza Eskolaren trainerura igotzeko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute
'Zure txanpa' leloa jarri diote 2026-2027ko ikasturterako matrikulazio kanpainari.Donostiako Udala 2026-2027ko ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak. Gaurtik hilaren 29ra bitarte eman daiteke izena helbide honetan.
Zure txanpa lelopean, traineru bat erabili dute kanpaina irudikatzeko: arraunak balira moduan, musika tresnak altxatzen dituzten musikariz beteta dago, eta dantzari bat da patroia. “Metafora bisual honek eskolaren filosofia islatzen du: arraunean bezala, partekatutako helburua adin, genero eta askotariko gaitasunak dituzten pertsonak elkarrekin arraun eginez lortzen da”, azaldu dute.
Eskolaren helburu nagusietako bat ikasleek hiriko bizitza kulturalean modu aktiboan parte hartzea da. Horren erakusle da urtero antolatzen dituen 250etik gora ekitaldietatik asko hiriko eragileekin elkarlanean egiten direla. Ibilbide horretan, kanpaina berriak emakumezkoen kirolean ikur den Donostia Arraun Lagunak-en trainerua dakar erdigunera. Horrela, eskolak bere txanpa hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, “elkarrekin artea ikasgeletatik atera, Donostiako kultur sarearekin bat egin eta hiriko agertokietan protagonista izan daitezen”.
Hauxe da 2026-2027 ikasturterako eskaintza:
- Musika hezkuntza goiztiarra (0-2 urte).
- Musika eta mugimendua (3-5 urte).
- Dantza: Euskal dantza, dantza garaikidea eta dantza klasikoa (6 urtetik aurrera).
- Musika tailerra (6-7 urtetik aurrera).
- Instrumentuak, kantua eta musika hizkuntza (8 urtetik aurrera).
- Musika taldeak: orkestrak, bandak, Big Bandak, rock, pop eta jazz, ensemble, gitarra, txistua, akordeoia eta soinu txikia (8 urtetik aurrera).
- Irakasgai osagarriak: Helduentzako musika kultura, harmonia, moldaketak eta zuzendaritza praktikak (16 urtetik aurrera).
- Irakaskuntza ofizialetarako prestakuntza, ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak (12 urtetik aurrera).
- Musika tailerra (65 urtetik aurrera).
2025-2026ko ikasturtean eskolak 2.871 ikasle izan ditu, 29 instrumentutan, hiru dantza espezialitatetan eta irakasgai ugaritan, banaka zein taldean.
Presentzia hiriko auzoetan
Eskolaren eskaintza Donostiako mapa osora zabaltzen da. Atotxako egoitza nagusitik eta Nestor Basterretxea plazako Dantza Eskolatik haratago, Antiguako, Loiolako Erriberako, Amarako eta Añorgako egoitzek Musika eta mugimendua eta Musika tailerra eskainiko dituzte 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Era berean, egoitza espezifikoetan funtsezko espezialitateak mantentzen dira 8 urtetik gorakoentzat: Antiguan txalaparta eta dultzaina eskolak emango dira, eta piano eskolak, berriz, Loiolako Erriberan eta Salaberrian. Bestalde, Urbietako egoitza izango da gitarra edo 13 urtetik aurrera kantua ikasi nahi dutenen topagunea.
Prestakuntza, Ekialdeko Barrutian
Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko egoitzetan bizi etapa bakoitzera egokitutako programazioa finkatu dute. Txikienek (3-7 urte) Musika eta mugimenduaren eta Musika tailerraren bidez hasteko aukera izango dute, eta Altzan eta Intxaurrondon, berriz, 8 urtetik gorako ikasleek pianoko banakako eskolak jasotzeko aukera izango dute, adin mugarik gabe. Herrerako egoitzan, eskaintza aniztasun handiagatik nabarmentzen da, bateriatik soinu txikiraino doazen hamabost instrumenturekin. Egoitza horrek prestakuntza integrala bermatzen du, banakako eskolak Musika Hizkuntzarekin eta taldeetan parte hartzearekin konbinatzen baititu.
Dantza adin mugarik gabe
Dantzak funtsezko zutabea izaten jarraitzen du, adin guztietarako talde irekiekin, hiru espezialitateetan: Euskal dantza, garaikidea eta klasikoa. 6 urtetik aurrera, haurrek edozein modalitatetan egin ditzakete lehen urratsak. Eskaintza helduei ere zabaltzen zaie, euskal dantzaren eta garaikidearen hastapenetan zerotik hasteko aukera baitute, edo hiru diziplinetako talde aurreratuetan teknika hobetzeko aukera, dantzatzeko plazera berriz ezagutuz.
Musika tailerra Donostia Lagunkoiarekin batera
Bosgarren urtez, Eskolak +65 Musika tailerra eskainiko du, adinekoen ongizatea eta memoria sustatzeko. Donostia Lagunkoiarekin lankidetzan, programak auzoetan duen presentzia indartuko du. Atotxako egoitzaz gain, programa hiriko txoko gehiagotara iritsiko da, adinekoek beren ingurunean parte hartzea errazteko. Auzoetako izen ematea erretiratuen elkarteek kudeatuko dute irailetik aurrera.
Irisgarritasunarekiko konpromisoa
Egoera ekonomikoa arteaz gozatzeko oztopo izan ez dadin, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak inklusioarekin duen konpromisoari eusten dio, Gizarte Intereseko Prezio Publikoen bidez, baliabide ekonomiko mugatuak dituztenentzat (GLL, BGDS edo DBE jasotzen dutenentzat bereziki), familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat, baita deskontuak ere familia unitate bereko pertsona bat baino gehiago matrikulatzen denean.
Gainera, ikasteari ekiteko oztopoak ezabatze aldera, gizarte laguntzak (GLL, BGDS edo DBE) jasotzen dituzten familientzat instrumentuen doako mailegu zerbitzua du. Horretaz gain, doako mailegu zerbitzua mugatua du akordeoia, tuba, fagota, tronpa, oboea, soinu txikia, kontrabaxua eta biolontxeloa instrumentuetan, ikasle hasi berriei lehentasuna emanez. Klarinetearen kasuan, txikienen behar fisikoetara egokitutako tamaina txikiagoko instrumentuak ere eskaintzen dira, ikasle bakoitzak bere txanpa instrumentu egokiarekin has dezan.
Mediateka
Eskolaren instrumentu eskaintza hobeto ezagutzeko, eta norberaren txanpa zein izan daitekeen erabakitzen laguntzeko, herritarrek Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren Mediateka dute eskura. Plataforma digital ireki eta pedagogikoa da eta musika eta dantzaren unibertsoa herritarrei gerturatzeko askotariko tresnak biltzen ditu.


