Nerea Erbiti, Arturo Reverter eta Benito Lertxundi sarituko ditu Donostiako Orfeoiak
Benito Lertxundi musikaria. Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) XXV. Donostiako Orfeoia-EHU Saria antolatu dute, eta dagoeneko iragarri dituzte aurtengo sarituak: Nerea Erbiti, Arturo Reverter eta Benito Lertxundi. Sariak banatzeko ekitaldia uztailaren 10ean izango da, 17:00etan, Donostiako Miramar Jauregian, EHUko Uda Ikastaroen testuinguruan. “Sari hau ikerketa, hezkuntza eta musika koralaren sustapena bultzatzeko erreferente gisa finkatu da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Erbiti ikertzailea Musika ikerketa sustatu eta bultzatu kategorian saritu dute, lan honengatik: Afinazio neutroa euskal kantu monodikoetan: Lehen Mundu Gerra garaian (1916-1917) Alemanian euskal presoei egindako grabazioen azterketa, “euskal musika ondarearen ezagutzan sakontzen duen eta ikuspegi historiko eta analitiko batetik egindako lanagatik”. “Halaber, epaimahaiak Arturo Reverter musika kritikariaren eta Benito Lertxundi kantariaren ibilbidea goraipatu du, musikaren garapenari eta hedapenari egindako ekarpen jarraitua aitortuz”, gaineratu du antolatzaileek.
Ekitaldian, sariak banatu aurretik, mahai inguru bat egingo dute, sariaren bilakaerari eta eraginari buruz hausnartu ahal izateko. Bertan parte hartuko dute Jose Luis de la Cuesta sariaren bultzatzaile eta epaimahaikideak, Eli Arabaolaza, Gotzon Ibarretxe eta Maria Victoria Urruzola aurreko sarituekin batera. Moderatzailea Jon Bagues izango da, Eresbileko zuzendari ohia eta Donostiako Orfeoiko Zuzendaritza Batzordeko kidea. Ekitaldiari amaiera emateko, Donostiako Orfeoiaren emanaldi batek bere errepertorio tradizionaleko obrak joko ditu. Ekitaldia irekia izango da, baina izena eman beharko da.


