D’Museoak Carmen Arrueren obra berreskuratu du, ‘Birjaiotzea’ erakusketan
'Birjaiotzea' erakusketa.D'Museoa D’Museoak Carmen Arrue artista donostiarraren sorkuntza lanaren funtsa berreskuratu nahi izan du, hemeretzi obraz osatutako bilduma baten bidez: Birjaiotzea. Erakusketa zabalik dago jada, egunero, uztailaren 5era arte.
Arrue 70eko hamarkadako “errealismo berriei” lotutako artista izan zen, eta olioetan eta akuareletan lortu zituen bere mailarik altuenak. Margolaritzaz gain, eskultura eta zeramika ere landu zituen, azken hau Sagardelosko ikerketa zentroan sakonduz. Bere lanak Euskal Herriko, Santanderreko eta Wiesbadengo galerietan ikusi ahal izan ziren.
Bere pinturan, nabarmena da berdeekiko eta grisekiko sentikortasuna, batez ere emakumeen gorputzaren irudikapenean; sarritan, irudi horiek erdi aingeru, erdi emakume gisa agertzen dira, paisaiarekin bat eginez.


