Euskal kanta herrikoiak ardatz, maiatzean itzuliko da 'Lagunekin Kantari' Intxaurrondora
Iker Laurobak irekiko du aurtengo 'Lagunekin Kantari' egitasmoa.Artxiboa Euskal kantagintzaren transmisioa eta auzo komunitatea sustatzea helburu duen Lagunekin Kantari egitasmoak hitzordu berriak iragarri ditu aurtengo maiatzerako. Donostia Kulturak eta Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) elkarlanean antolatuta, Intxaurrondo eta Larrotxene kultur etxeak egitasmoaren topagune nagusi bilakatuko dira, hilaren 11tik 25era bitartean.
2001ean sortutako Intxaurrondo Kantuz ikastaroaren harira jaio zen egitasmoa, eta 2002az geroztik, ikastaro horren osagarri gisa balio izan du. Hala, urteen poderioz, belaunaldien arteko harremanak estutzeko eta euskal kanta herrikoien ondarea bizirik mantentzeko “ezinbesteko tresna” bihurtu da auzoan, antolatzaileen ustetan.
Bakarlariak eta kanta herrikoiak
Aurtengo kartelak izen handiak dakartza: Iker Lauroba abeslari donostiarra izango da egitasmoa irekiko duena hilaren 11n (19:30, Intxaurrondo Kultur Etxean), eta astebete geroago, Ipar Euskal Herriko doinuak iritsiko dira Kattalin Indabururen eta Filip Alborren eskutik (19:30, Larrotxene Kultur Etxean).
Horrez gain, Etxekoekin Kantari saio berezia egingo dute hilaren 25ean, Intxaurrondoko Kultur Etxean, 19:30ean; hilaren 29an, berriz, kantujiran irtengo dira auzoan zehar, 19:00etan Larrotxeneko plazatik abiatuta.


