Ostiralean hasiko dute Lukas Agirreren hilketaren epaiketa
Hilketa gertatu zen lekuan jarritako loreak Etzi ekingo diote Gipuzkoako Auzitegian Lukas Agirreren hilketaren epaiketari. Gazte donostiarra 2022ko Gabon gauean hil zuten Okendo plazan, hainbat labankada jaso ondoren.
Gertakariaren ondorioz, hiru lagun atxilotu zituzten. Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du bi akusatu nagusientzat. Bat delitugile gisa epaituko dute, eta bestea, ezinbesteko laguntzaile gisa. Espetxe zigorrarekin batera, bien artean 280.000 euroko indemnizazioa ere ordaindu behar izatea galdegin du Fiskaltzak. Hirugarren inputatua, berriz, estaltzaile gisa epaituko dute eta hiru urteko kartzela zigorra jaso dezake.
Hildakoaren familiak osatzen duen akusazio partikularrak, berriz, 25 urteko kartzela zigorra nahi du bi akusatuentzat, eta bi urtekoa estaltzailearentzat.
Epaiketa ostiralean hasiko bada ere, astelehenean egingo dituzte lehen deklarazioak. Datozen hiru asteetan luzatuko den ahozko bistan, hainbat lekuko, ertzain, peritu eta forentsek parte hartuko dute, eta hiru akusatuek amaieran emango dute beren lekukotza.


