Bidezko merkataritzaren mugimenduaren 40. urteurrena ospatuko dute
Bidezko merkataritzaren azokako postu bat, Gipuzkoa plazan.Donostiako Bidezko Merkataritza Taldea Larunbatean, maiatzaren 9an, Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna izango da. Hain zuzen ere, 40 urte bete ditu bidezko merkataritzaren mugimenduak, eta urteurrena hainbat jarduerekin ospatuko dute, Gipuzkoa plazan. ADSIS, Proclade, Proyde-Proega, Alboan, Intermon, Setem eta Egoaiziak elkarteek antolatu dituzte, Donostiako Udalaren babes ekonomikoarekin.
10:00etatik 14:00etara, herritarrek elikagaiak, arropa eta kosmetika probatzeko eta erosteko aukera izango dute. Horrez gain, kontsumo arduratsua eta jasangarria sustatzeko lantegietan parte hartu ahal izango dute. Aurrekari gisa, gaur, 19:00etan, Frutos amargos filmari buruzko zine foruma egingo dute, Arrupe aretoan.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eguneroko kontsumo arduratsuak pobreziaren, gizarte desberdintasunen eta giza eskubideen urraketaren aurkako borrokan lagun dezake.
“Bidezko merkataritzak erakusten du posible dela ekoizleak erdigunean jartzen dituen eredu ekonomiko bat izatea, baldintza duinak bermatzen dituena. Jardunaldi honekin gogorarazi nahi dugu kontsumoaren arloan hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena dutela desberdintasunen murrizketetan eta kontsumitzen ditugun produktuak ekoizten dituztenen bizitzaren hobekuntzan”, azaldu du Iñigo Garcia Aniztasuneko zinegotziak.


