Europako Batasuna «apurtzearen» aldeko eguna antolatu dute Parte Zaharrean
Donostiako Askapena erakunde internazionalistak Europar Batasuna Apurtu eguna antolatu du larunbat honetarako (hilak 9), Parte Zaharrean. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
12:00etan hasiko dira, Danena tabernatik abiatuta egingo duten trikipoteoarekin, Trikipota taldeak lagunduta. 14:30ean, bertso bazkaria egingo dute Arrano elkartean, Egiar Otegi, Igauri Lopetegi eta Emaitz Murua bertsolariekin — 626 848 820 telefono zenbakira Whatsapp bidez idatzita eman behar da izena (15 euro)—. Azkenik, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Bulebarrean, Europar Batasuna apurtu lelopean.



