Eurored nazioarteko izotz hockey txapelketa Donostiara bueltatuko da
500 haur baino gehiagok eta 40 talde inguruk parte hartuko dute hilaren 9an, 10ean, 30ean eta 31n, Anoetako izotz jauregian.
Txuri Urdin izotz hockey taldeko U11 kategoriako haurrak, Roman Ximenezekin.Txuri Urdin Europako hego-mendebaldeko haurren izotz hockeyko txapelketa garrantzitsuenetako bat da Eurored izenekoa. Aurten, Donostiara bueltatuko da 23. edizioa aurrera eramateko. Hainbat urtetan atzerriko partaidetza mugatu ondoren, topaketak mugaz gaindiko izaera berreskuratuko du. Horrela, Euskal Herriko, Espainiako, Andorrako, Frantziako eta Portugalgo klubek parte hartuko dute.
Maiatzeko bi asteburutan izango da Eurored, Anoetako izotz jauregian. Hilaren 9an eta 10ean U13 kategoriako haurrek parte hartuko dute. Aldiz, hilaren 30ean eta 31n U11 kategoriakoen txanda izango da. Guztira, 40 talde inguruko parte hartuko dute, eta 500 haur baino gehiago ariko dira izotz hockeya praktikatzen. Izan ere, Eurored txapelketa ez da lehiakorra, eta helburua kirola ikastea da. Horrela, ez da irabazlerik eta galtzailerik izango. Joko garbia, errespetua, bizikidetza eta elkartruke kulturala sustatzea da asmoa.
Pistan aldi berean hiru partida jokatuko dira, etenik gabe. Formatu dinamiko honen ondorioz, izotzaren gaineko jarduera bizia bermatuko da aipatutako asteburuetan.
Roman Ximenezen garrantzia
Txuri Urdin izotz hockey klubak Roman Ximenezen garrantzia nabarmendu nahi du. 11 urte zituenean hasi zen izotz hockeya praktikatzen. Ondoren, maila guztietatik pasatu zen jokalari seniorra izan arte, eta, orduan, lau liga irabazi zituen. Azken urteotan, berriz, haurrak eta gazteak trebatzen dabil entrenatzaile gisa.
Finlandian egin zituen entrenatzaile ikasketak, eta estilo sobietarraren miresle handia da. Hori dela eta, haurren bilakaera integrala ardatz duen irakaskuntza zorrotz baten aldeko apustua egiten du. Lehen etapa hauetan, benetako arrakasta ez da goletan neurtzen, haur bakoitzaren hazkunde teknikoan eta pertsonalean baizik. Bere lidergoa funtsezkoa da Eurored txapelketa urtero mugaz gaindiko elkarbizitzaren adibide izan dadin.


