Ez ohiko erregulazio kanpainan migratzaileak laguntzera dei egin dute
Donostiako Asanblada Antirrazisrak eta piratek egindako elkarretaratzea. Xallba Ramirez LAB sindikatuak eta Donostiako Asanblada Antirrazistak migratzaileen ez ohiko erregularizazio prozesuaren harira bide laguntza eta aholkularitza dinamikak abiatu dituzte. Bi eragileek salatu dute administrazioek eskaintzen dituzten baliabideak ez direla nahikoak, eta migratzaile askok informazio falta, traba burokratikoak eta lan esplotazio egoerak pairatzen dituztela.
LAB sindikatuak azaldu du bere parte hartzea estrategia antirrazistaren baitan kokatzen dela, migratzaileen aurkako diskriminazioari eta lan arrazakeriari aurre egiteko konpromisoaren barruan. Bilbon egindako agerraldian, Txefi Roco Idazkaritza Antirrazistako arduradunak eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak aurkeztu zuten egitasmoa. Aurkezpenetan izan dira ekimenean parte hartuko duten militante eta boluntarioak.
Sindikatutik jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herriko hainbat herritan asanblada irekiak egingo dituzte migratzaileei informazioa eta aholkularitza eskaintzeko. Gainera, hiriburuetan kontsulta guneak jarriko dituzte martxan eskaerak prestatu eta aurkezten laguntzeko. LABek ohartarazi du ekainaren 30ean amaituko dela eskaerak aurkezteko epea, baina borroka ez dela hor amaituko: erregularizazioa lortuta ere, lan esplotazioaren eta arrazakeriaren aurkako antolakuntza sustatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.
Donostian, maiatzaren 12an, 19an eta 26an asanblada informatiboak egingo dituzte, 17:00etan, San Bladi kaleko 1. zenbakian. Bestetik, hitzorduak eskatzeko arreta guneak jarri dituzte: asteartero 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Zita hartzeko bi bide daude: erregularizazioa@lab.eus helbidera edo Whatsapp bidez, 666 774 326 zenbakira idatzita.
Donostiako Asanblada Antirrazista
Bestalde, Donostiako Asanblada Antirrazistak jardunaldi komunitarioak antolatu ditu Egiako Plaza Haundin, erregularizazio prozesuan dauden pertsonei laguntza praktikoa eskaintzeko. Asanbladak salatu du instituzioek ez dutela nahikoa informazio eta akonpainamendu zerbitzurik eskaini, eta, gainera, egoera irregularrean dauden pertsona askok abokatu batzuen “abusu sistematikoa” pairatzen dutela.
Maiatzaren 17an eta 23an egingo diren jardunaldietan, boluntarioek dokumentazioa berrikusiko dute, hitzordu telematikoak eskatzen lagunduko dute eta prozesuaren hurrengo urratsen inguruko orientazioa eskainiko dute. Antolatzaileek elkartasunerako eta auto antolakuntzarako deia egin dute, eta justizia sozialaren aldeko mugimendu eta eragile antirrazisten arteko elkarlana ezinbestekotzat jo dute.
Bi ekimenek mezu bera partekatzen dute: migratzaileen erregularizazioa ez dela neurri administratibo hutsa, baizik eta eskubide sozialen eta lan duintasunaren aldeko borrokaren parte. Bai LABek bai Donostiako Asanblada Antirrazistak defendatu dute Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek baldintza berdinetan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea dutela, eta arrazakeriaren aurkako antolakuntza kolektiboa indartzeko beharra azpimarratu dute.


