Mugikorrik gabeko eguna egingo dute, larunbatean
Hainbat nerabe, euren mugikorrak eskutan. Lide Ferreira Pantailak alde batera utzi eta familia arteko harremanak sustatzea. Hori da larunbat honetan (hilak 9), Okendo plazan egingo den Mugikorrik gabeko eguna familian ekimenaren helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektu honek “teknologiaren erabilera kontzienteagoa eta orekatuagoa” lortu nahi du, etxeko eremuan. Donostia da ekimen hau hartuko duen hirugarren hiriburua, Bilbon eta Gasteizen izandako harrera onaren ondoren.
Jardunaldia apirilaren 18rako iragarrita zegoen hasiera batean, baina data aldatu behar izan zuten Realak jokatutako —eta irabazitako— Errege Kopako finalarekin bat egiten zuelako. Behin betiko hitzordua Viktoria Eugenia antzokiaren ondoko plazan izango da, 11:00etatik 19:00etara, eta herritar guztiei irekita egongo da.
Mugikorrik gabeko erronkak
Ekimenaren proposamen nagusia, sinplea bezain esanguratsua da: gailu elektronikoak alde batera uztea, elkarrizketarako, jolaserako eta bizikidetzarako espazioak berreskuratzeko. Bertaratzen direnek dinamika ezberdinetan parte hartu ahal izango dute; esaterako, mugikorrak poltsa berezi batzuetan gordetzeko erronka onartu ahal izango dute, nahi duten denboran zehar.
Behin pantailarik gabeko tarte hori hasita, parte-hartzaileei beren ohitura digitalei buruzko hausnarketa egitea eta teknologiarik gabeko jarduerak partekatzea proposatuko zaie.
Familia konpromisoa
Gailuak gordetzeaz gain, familiek konpromiso agiri bat sinatzeko aukera izango dute. Dokumentu horren bidez, teknologiaren erabilera arduratsuagoa sustatzeko jarraibideak onartuko dituzte, hala nola amankomuneko denborari lehentasuna ematea, gailuen erabilera murriztea eta etxean erabilera itunak ezartzea.


