«Hautagai nagusiak gara berriz ere, eta hori kudeatu beharko dugu»
Hamargarren Espainiako Kopa altxatu nahi du Bera Berak. Gaurtik igandera bitarte jokatuko da azken fasea, Illunben. Donostiako eskubaloi taldea zenbakia borobiltzeko prest dagoela uste du Tati Garmendia (Bidebieta, 1974) kirol zuzendariak.
Tati Garmendia, Bera Beraren bulegoaren kanpoaldean.Inaxio Esnaola Ligako finalerdietara sailkatu ondoren, koparen txanda da. Titulua eskuratzeko sasoi onean dago taldea?
Uste dut baietz. Jokalari garrantzitsu batzuk min hartuta daude, eta zalantzak genituen ligako titulurako final-laurdenen atarian. Hutsune horiek bete behar dituzten jokalariak urduri zeuden, eta, beraz, Errioxaren aurkako joanekoa ez zen erraza izan. Ordea, itzulerako partida serioa jokatu genuen, minutu batzuk kenduta, eta tituluen lehiara gogotsu iritsi garela iruditzen zait. Denboraldiaren bukaeran gaude, eta nekea nabari da talde guztietan. Horrela ere, etxeko kopa irabazten ahaleginduko gara.
Koparen eta ligaren azken txanpak desberdinak dira. Illunben partida bakarrera jokatuko dira kanporaketak, eta soilik irabazteak balio du. Hasteko, gaur, Valladoliden kontra ariko zarete final-laurdenetan. Arerio erraza ala zaila?
Bera Bera da faboritoa, gainerakoek gainditu behar dutena. Izan ere, hautagai nagusiak gara berriz ere, eta hori kudeatu beharko dugu. Noski, urduri gaude eta etxean jokatzearen presioa nabari dugu. Guretzat garrantzitsuak diren jokalari batzuk min hartuta daude, baina taldea indartsu dago kopa lehiatzeko. Lehenik, Valladolid gainditu beharko dugu final-laurdenetan. Neurketa arriskutsua da, aurrenekoa delako eta arerioa ligan makal dabilelako, jaisteko arriskuarekin. Haiek ez dute galtzeko ezer izango, eta, beraz, oso ondo jokatu beharko dugu aurrera egiteko.
Finalerdietara sailkatuz gero, Elda edo Errioxa izango duzue aurkari. Aldiz, final-laurdenetan indarrak neurtuko dituzten beste taldeak Kanaria Handia-Granollers, eta Beti Onak-Atletico Guardes dira.
Lehendabizi, Valladolidi irabazi behar diogu. Hori lortuz gero, finalerdietako arerioa ez da batere erraza izango, Elda eta Errioxa oso ondo jokatzen ari direlako. Dena dela, aipatzekoa da Elx edo Malaga gisako taldeak ez direla azken fasera iritsi, eta horrek esan nahi du sailkatu direnak gainditzeko zailak izango direla. Hortaz, pausoz pauso joatea komeni zaigu.
Donostian erabakiko den hirugarren kopa da. Esperientzia onak eta ez hain onak presente dituzue?
Noski. Bera Bera eta Illunbeko eskubaloiaren festa ikustera datozen zaleak gero eta gehiago dira, eta horri merezi duen balioa eman nahi diogu. Lehiari dagokionez, hirugarrenez berdina sentitzen dugu, ezin dugula hutsik egin Illunben, gure jendearen aurrean. 2022an ez ginen finalera iritsi, eta bi urte geroago, 2024an, irabaztea lortu genuen. Gaurtik aurrera, berriz ere kopa irabazten saiatuko gara.

Bera Berak bere ibilbideko bederatzigarren kopa irabazi zuen iaz Granollersen, finalean Kanaria Handia gaindituta.Bera Bera
Maiatzera bi tituluak irabazteko aukerekin iritsi zarete, aurreikusitako helburua beteta. Denboraldiaren planifikazioa espero moduan atera da?
Aipaturiko lesioez aparte, bai, taldea ondo iritsi da hilabete erabakigarrira. Azken partidetan askoz hobeto jokatu dute. Denboraldian zehar, joko aldetik nahiko irregular aritu gara ligan. Horrela ere, ligako fase erregularraren txapeldunak izan gara. Jokalari berrien integrazioa espero baino gehiago kostatu da, eta beste faktore batek ere eragin zuzena izan du errendimenduan. Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainen falta asko nabaritu dugu, aldagelan eta pistan garrantzitsuak zirelako.
Maiz aipatu dituzu min hartuta dauden jokalariak. Une honetan, Lyndie Tchaptchet eta Ester Somaza dira, biak giltzarri izan direnak Bera Berarentzat.
Batez ere, Lyndie. Jokalari erabakigarria eta ligako euskarri bereizgarriena, ziurrenik. Haren hutsunea asko nabaritu dugu. Baita Esterrena ere, momentu oso onean zegoelako. Zorionez, Elke Karsten berreskuratu dugu.
Jokatzeko moduan daudenekin, hamargarren kopa eta hamaikagarren liga irabaztea duzue helburu. Hirugarren urtez jarraian, hiru tituluak eskuratuko dituzue?
Hori lortzen ahaleginduko gara, taldeak tituluak irabazten jarraitu nahi duelako.


