«Hiri eredu kapitalistaren aurkako» kanpaina abiatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak
Donostiako Kontseilu Sozialistak kanpaina berri bat abiatu du hirian, “hiri eredu kapitalista” borrokatzeko. Salatu dutenez, higiezin agentziak, hotelak, eraikuntza enpresak eta haien “konplize guztiak” turismoaren eta etxebizitzaren “negozioaren arduradunak” dira.
Mugimendu sozialistaren ustez, haien irabaziak handitzeko “langile klasea Donostiatik kanporatzen” ari dira: “Etxegabetzeak, hainbat familia etxebizitza berdinean bizitzea edota alokairuen zein bizitzaren garestitzea horren isla dira”.
Bide horretan, Donostiako Udalaren papera salatu dute baita ere, eta uste dute “eskubide politikoen murrizketan” sakontzen ari dela. Horren adibide izango lirateke “hiriaren polizializazioa, militantzia politikoaren aurkako jazarpena edo etorkinen aurkako arrazakeria”.
Beraz, mobilizatzeko deia egin dute eta, ekainaren 27an, eguerdiko hamabitan Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egin dute.


