Magia Galaren ilusioak beteko du Lugaritz Kultur Etxea
Telmo Peñil gazteak zuzenduko du aurtengo Magia Gala.Enemasene Magia eta ilusioa Donostiara itzuliko dira datorren ekainaren 13an, Magia Gala ikuskizunaren bigarren edizioarekin. Iazko arrakastaren ondoren, —Lugaritz Kultur Etxean sarrera guztiak agortu ziren—, antolakuntzak edukiera bikoiztu du, 475 pertsonarentzako lekua eskainiz. Aurtengo hitzordua Antiguako Elaienea Ikastetxeko Antzokian izango da.
Ekitaldi honen atzean Telmo Peñil dago, Manteo ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasle donostiarra. 14 urte besterik ez dituela, Peñil Espainiako estatuko sustatzailerik gazteena izateaz gain, galaren zuzendari artistikoa ere bada. “Erronka berri honekin erakutsi nahi dugu, helburu bat jartzen denean, nahi duzuna lor daitekeela”, adierazi du mago gazteak.
Lehen mailako kartela
Aurtengo edizioak nazioartean eta Espainiako estatuan aitortutako lau ilusionista handi bilduko ditu eszenatoki gainean: Alain Zulaika mago elgoibartarrak egingo ditu aurkezle lanak; Alvaro Cortes madrildarrak, magia eszenikoa egingo du; Albert Vidal katalana hurbileko magian arituko da eta, azkenik, Peñilek berak, kartomagia egingo du.
Iaz jende asko sarrerarik gabe geratu zela eta, antolatzaileek lehenbailehen sarrerak eskuratzeko deia egin dute. Tiketak jada salgai daude webgune ofizialean.



