MUBILek enpresa berrientzako egoitza bat eraikiko du Eskuzaitzetan
Mubil Center eraikiko dute, Eskuzaitzetan.Gipuzkoako Aldundia MUBIL Mugikortasun Jasangarri eta Adimendunaren poloak bere lehen urteurrena ospatu du. Ekitaldian, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Cesar Gutierrez MUBILeko zuzendari nagusiak zentroaren hazkunde estrategia aurkeztu dute, proiektu nagusi bat iragarriz: MUBIL Business Center eraikin berriaren sorrera.
Zentro berriak 7,5 milioi euroko inbertsioa izango du eta hazkunde fasean dauden enpresentzako izango da. Eskuzaitzetan kokatuko da, egungo egoitzaren ondoan, eta 4.500 metro karratuko eremuan bulegoak, I+G laborategiak eta prototipoak probatzeko gune teknikoak izango ditu. Obrak urte amaierarako hastea aurreikusten da.
Mendozak azpimarratu duenez, MUBILen lehen urte honek “aurreikuspen guztiak gainditu ditu”. Diputatu nagusiaren hitzetan, zentroa Gipuzkoako industria berriaren “ahalmen eraldatzailea” handitzen ari da, enpresa txikiei lagunduz eta proiektu berritzaileak erakarriz.
Gipuzkoa, munduko begiradapean
Mugikortasun adimendunaren bidean, Gipuzkoak nazioarteko bi hitzordu garrantzitsu izango ditu: lehena, Global CSL Summit; azaroaren 4tik 6ra, Kursaalak munduko hiri zientzia eta berrikuntza adituak bilduko ditu, MIT (Massachusetts Institute of Technology) sarearen eskutik. Eta, bigarrenik, mugikortasun autonomoa; Gipuzkoa eta Euskadi Europako erreferentziazko lurralde gisa aurkeztu dituzte, ibilgailu autonomo eta konektatuak garatzeko.


