Nakar eta Gailu taldeak batera, Ategorrietako langileen memoria aldarrikatuz
Gailu eta Nakar taldeek elkarlanean sortu dute Ategorrietako Sarraskiari izeneko kantua. Abestia Ategorrietan Fisterra komikiaren soinu bandaren parte da; ARGIA-k argitaratutako lana gaurtik aurrera eskuratu ahal izango da liburu-dendetan. Gainera, singlea binilo formatuan ere kaleratu dute, eta komikiarekin batera eros daiteke.
Musika proiektuan, belaunaldi ezberdinetako bi talde elkartu dira. Alde batetik, Gailu, BAP!! eta Inoren Ero Ni bezalako taldeen oinordeko zuzena den taldea: Okene Abrego abeslaria, Mariano Hurtado baxu jotzailea —Anarirekin ere aritutakoa— eta Mikel Txopeitia, Negu Gorriak taldeko bateria ohia, biltzen dituena. Bestetik, euskal eszenan erreferentzia irabazi duen Nakar talde donostiarra dugu. Taldea Jone Laspiurrek, Xalba Ramirezez, Jokin Azpiazuk eta Andoni Olaetxeak osatzen dute.
Bi taldeen baturak pospunk geldo eta raplaria dakar oinarrian, amaieran, indar eta energiarekin, Pasaiako arrantzaleen manifestazioaren leloekin amaitzeko. Letra, Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarrarena da, garaiko koplen omenez kronika osatua errepikaren testua Mariano Hurtadorena da. Grabazioa eta nahasketa 2025eko udazkenean egin zituzten Andoaingo Garate baserrian, Martxel Arkarazorekin batera. Ondoren, Víctor Garcíak masterizatu zuen lana Ultramarinos Costa Brava estudioetan. Peru Isasirena da bideoklipa.
Ategorrietan Fisterra
Baina kantuaren indarra ez dago soilik musikan. Ategorrietan Fisterra komikiak 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrietan gertatutako sarraskia ekartzen du gogora. Espainiako Bigarren Errepublika ezarri berritan, Pasaiatik zetorren manifestazio handi bat geldiarazi zuen Guardia Zibilak. Protestaren lehen lerroan emakumeak eta haurrak zihoazen; atzetik, arrantzaleak, portuko langileak eta auzotarrak. Korneta baten soinua entzun eta berehala hasi ziren tiroak. Dozenaka bala jaurti zituzten kargagailuak hustu arte, eta hildako zein zauritu ugari utzi zituzten kalean.
“Ategorrieta” —hirira ekialdetik sartzeko “Ate Gorria”— “Finis Terrae” bihurtu zen egun hartan. Lanaren abiapuntua Guardia Zibilak hildako José Novo galiziarraren ondorengoekin egindako elkarrizketa izan da. Hortik abiatuta, egileek Pasaiako lan gatazkaren kronika eta sarraskiaren kontakizuna osatu dituzte, lekuko zuzenen testigantzak eta fikzio historikoa uztartuz. Benetako pertsonaiek eta fikziozkoek elkarrekin egiten dute bidaia, gertatutakoaren memoria berreraikitzeko.
Egileek nabarmendu dute Donostiaren irudi “aristokratiko eta orbangabeak” hamarkadetan estali duela gertakari hau. Hala ere, Ategorrietakoa XX. mendeko langileen aurkako sarraskirik handiena izan zen Euskal Herrian. Paradoxikoki, gaur egun oso jende gutxik gogoratzen du. “Ezagutzen dena baino ezin da gogoratu”, diote proiektuaren sustatzaileek, memoria historikoa berpizteko beharra azpimarratuz.
Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabalek idatzi dute gidoia eta Malen Ganzarainek egin ditu ilustrazioak. Argia-k argitaratu ditu komikia eta biniloa eta hemen daude eskuragarri.


