Udalak Herrera ahaztua duela salatu dute auzotarrek
130 bat lagun batu ziren ostegun arratsaldean Herripek deitutako elkarretaratzean.Maitane Aldanondo Herripe auzo elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten ostegun arratsaldean Herrerako topo geltokiaren aurrean, udalari auzoak dituen beharrei erantzun diezaion eskatzeko. Jose Angel Apaolazak bertan bildu ziren 130 bat lagunei adierazi zienez, auzoak udalaren aldetik jasotzen duen erantzuna “inolako fundamenturik gabea” da eta bizilagunak ez ditu kontuan hartzen. Horren bi adibide dira hamasei hilabete geldirik daramatzan Renfeko igogailua edota Zardoya Otis inguruko afera.
Igogailuari dagokionean, udalak dio “beste batzuen” ardura dela, baina “beraiek ere badira arduradunak”, zehaztu zuen Apaolazak. Zardoya Otis-i, berriz, asteleheneko sutearen biharamunean, Jon Insausti alkateak Tokiko gobernu batzordearen ondorengo prentsaurrekoan esandakoak laburtu zituen. “Egoera jasanezina” dela nabarmendu zuen eta bertan bizi direnen artean gehienak ezin direla gizarteratu, duela bizpahiru aste kontrakoa esan bazuen ere.
Halaber, udalak urbanizazio proiektu bat duela esan zuen, 400 etxebizitza baino gehiago dituena. Elkarteak berak eta herritarrek egindako alegazio ugariei erantzuten ari direla azaldu bazuen ere Insaustik, Apaolazak bakar bat ere ez dutela jaso esan zuen.
Halakoetan bizilagunak udalak kontutan hartzen ez dituela eta, protesta egiteko aukeraz ere mintzatu ziren. Hori bai, udaletxe aurrean, hiritar guztiek jakin dezaten Herreran egiten ari dena.


