3.700 lagunek elkartasunez bete dituzte kaleak, minbiziaren aurka
Atzo egin muten Minbiziaren Aurkako 12. Lasterketa eta Martxa.Asier Gonzalez De San Pedro Jaiegun giroan murgilduta, Alderdi Eder elkartasunaren epizentro bihurtu zen atzo goizean, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako Minbiziaren Aurkako Lasterketa eta Martxaren 12. edizioa ospatu baitzen Donostian. Emaitza, hala, ezin hobea izan da: 3.626 pertsonak hartu zuten parte, orain arteko partaide kopururik handiena lortuz.
Bildutako dirua elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuak finantzatzeko bideratuko da, hala nola terapia psikologikoa, arreta soziala, nutrizioa, fisioterapia eta material ortopedikoaren mailegua.
5 kilometroko proba
Bost kilometroko lasterketarekin hasi zen eguna, 10:00etan, 2.501 korrikalarirekin. Kirol mailari dagokionez, Jokin Bellido (16:01) eta Irati Zurutuza (17:58) izan ziren bizkorrenak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, hurrenez hurren. Handbike modalitatean, aldiz, Jon Galarragak lortu zuen lehen postua.
Lasterketaren ostean, Eureka Dance Studio-ko Oliber Nestarrek gidatutako Zumba saioak eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolako txaranga eta trikitilariek girotu zuten goiza.
Ibilaldi herrikoia
11:30ean, hiru kilometroko martxa herrikoiaren txanda izan zen; 1.125 lagunek egin zuten ibilbidea oinez. Bertan izan ziren, besteak beste, Jon Insausti alkatea eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidente Marisa Arriolarekin batera.
Elkarteak eskerrak eman zizkien parte-hartzaile guztiei, babesleei eta, batez ere, ekitaldia posible egin zuten boluntarioei. “Beraien parte-hartzeari esker, elkarteak minbizia duten paziente eta senideei doako arreta eskaintzen jarraitzeko aukera izango du”, adierazi zuten antolatzaileek.
Hola hemen Asier Gonzalez De San Pedro argazkilariaren irudiak:


