Mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatu du Atotxako frantziskotarren parrokiak
Egiako frantziskotarren elizaren kanpoaldea, 1935ean. (Argazkia: Pascual Marin / Kutxa Fototeka) Atotxako Frantziskotarren parrokiak bere elizaren mendeurrena ospatuko du maiatza eta urria bitartean aurrera eramango duen jarduera erlijioso, kultural eta dibulgatzaile sortarekin. Egitasmoak, gainera, Asisko San Frantziskoren heriotzaren 800 urteurrenarekin bat egiten du.
Domingo Agirrebengoa arkitektoak eraikitako San Frantzisko eta Santa Magdalena eliza eta komentua 1926ko maiatzaren 12an inauguratu zuten, eta hainbat hamarkadatan auzoaren erreferente izan da, komunitatea egituratzeko. Egitarauaren helburua tenpluaren ondare espiritual, historiko eta arkitektonikoa balioestea da, eta, aldi berean, parrokia komunitatearen eta herritarren parte hartzea sustatzea.
Lehen jarduera, bihar, hilak 12, gauzatuko dute, elizan bertan, 19:00etan. Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrak Atotxako elizaren historiari buruzko hitzaldia emango du. Bi egun geroago, hilaren 14an, Rapsodia taldeak Versos bajo la cruz. Palabra y silencio, errezitaldi musikatua eskainiko du.
Ospakizunaren une nagusietako bat, baina, igandean, hilak 17, izango da, Parrokiaren Egunean. Bertan, meza eta mendeurrenaren ospakizun ofiziala aurrera eramango dituzte, Donostiako Gotzaina buru dela, eta Eresmin abesbatzak lagunduta. Ondoren, parrokia bazkaria egingo dute.
Maiatzean, gainera, beste bi jarduera antolatu dituzte: elizara bisita gidatua, 23an, 11:00etan, eta Eskola-Gurutziaga abesbatzaren kontzertua, hilaren 30ean.
Abuzturaino etena egingo dute. Orduan, abuztuaren 2an, Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauaren barruan dagoen kontzertu bat egingo dute elizan, elizaren mendeurrena ospatzeaz gain, Bitoriano Gandiaga poeta frantziskotarraren heriotzaren 25. urteurrena ere gogoratuko dute.
Oroitzapenezko ekitaldiak urrian amaituko dira, Asisko San Frantziskoren irudia eta tenpluaren balio arkitektonikoa ardatz dituzten hainbat jarduerarekin. Urriaren 1ean, osteguna, San Frantzisko Asiskoari buruzko solasaldia izango da eta urriaren 4an, San Frantzisko egunean, meza nagusia kantatua eta azken kontzertua izango dira, berriz ere, Eresmin abesbatzaren parte hartzearekin.
Azkenik, urriaren 21ean, Euskadiko Arkitektura Institutuak Atotxa, mende bat betetzen duen eliza neogotikoa Egian solasaldia antolatu du Tabakaleran. Santos Bregaña eta Emilio Valera arkitektoek eraikinaren balio historiko eta arkitektonikoa hizpide izango dute.
Egitarau horren bidez, Atotxako frantziskotar komunitateak hiriarekin ehun urteko historia partekatua ospatu nahi du eta parrokiak hirian topagune, kultura eta espiritualtasun gune bezala duen papera berretsi.
Egitaraua:
- Asteartea, hilak 12. Atotxako elizaren historiari buruzko hitzaldia.
- Osteguna, hilak 14. Versos bajo la cruz poesia eta musika errezitaldia.
- Igandea, hilak 17. Parrokia eguna eta mendeurrenaren ospakizun ofiziala.
- Hilak 23, larunbata.: Elizara bisita gidatua.
- Hilak 30, larunbata: Abesbatzen kontzertua.
- Abuztuak 2. Musika Hamabostaldiaren kontzertua.
- Urriak 1. Asisko San Frantziskori buruzko solasaldia.
- Urriak 4. Meza nagusia kantatua eta kontzertua.
- Urriak 21. Arkitekturari buruzko solasaldia, Tabakaleran

