‘Donostiyako Bertso Potajia’: hiriko bertso ekosistema loratua erakusteko topagunea
Easo plaza, bertso saioan. (Argazkia: Gorka Martinez) Hilaren 23an, Donostiak hitzordu garrantzitsu bat izango du bertsolaritzarekin: Donostiyako Bertso Potajia. Bilintxi Balantxa bertso elkarteak sustatutako ekimen honek hiriko bertsozale guztiak elkartu nahi ditu egun osoko jai giroan, azken urteotan Donostiako auzoetan eta eskoletan egosi den bertso mugimenduaren indarra eta “potentziala” agerian uzteko.
Antolatzaileen arabera, Donostia hiri bertsozalea izan den arren, hamarkada luzez zaila izan da bertako bertsolariek plazan lekua egitea. Donostian jaiotako bertsolariei hirira bizitzera etorritakoak gehitu zaizkie, orain, eta sarea nabarmen hazi da, ordea. Esan dutenez, askotan, donostiarrek beraiek ere ez dute ezagutzen hirian dagoen bertsotarako gaitasun guztia, eta hutsune hori betetzera dator Bertso Potajia.
Egitarau deszentralizatu zabala
Ekimenak lau ardatz nagusi ditu: Donostiako bertso ekosistema hiritarrei erakustea, bertsozaleak hiriko potentzialaz jabetzea, eragileen arteko saretzea indartzea eta Donostian bertsotan dabiltzan guztiei plazak eskaintzea. Horretarako, egitarau zabal eta deszentralizatua prestatu du Bilintxi Balantxak:
- 11:00 – 12:30: Bertso saioak, auzoetan: Intxaurrondon, Antiguan, Aieten, Loiolan eta Amaran. Ondoren, kalejira Parte Zaharrera.
- 13:45: Libreko saioa Bulebarreko kioskoan.
- 14:30: Bertsopaper bazkaria Guardetxean.
- 18:30: Balkoitik balkoirako saioa Bilintx kalean.
- 19:00: Bertso pintxo-potea Parte Zaharrean zehar.
- 21:00: Bertso Jaialdi nagusia Guardetxean.



