Udalak webgunea berritu du, herritarren eta administrazioaren arteko harremana errazteko
Donostiako Udalaren webgune berritua.Donostiako Udala Donostiako Udalak gaur jarri du herritarren eskura Donostia.eus webgune berritua, herritarren bizitza errazteko eta administrazioarekin duten eguneroko harremana hobetzeko tresna arinagoa, argiagoa eta hurbilagoa izango dena.
“Webgune berria irudi aldaketa baino askoz gehiago da: donostiarren bizitza errazteko pentsatutako tresna da, udalarekin harremanak izatea errazagoa, azkarragoa eta argiagoa izan dadin”, nabarmendu du Jon Insausti alkateak. Ildo horretan, gaineratu du atari berriak “administrazio gertukoago, arinago eta erabilgarriago batekin dugun konpromisoa” indartzen duela, “pertsonak erdigunean jartzen dituena eta digitalizazioa zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko erabiltzen duena”.
Izan ere, webgune berriarekin udalak beste urrats bati egin du udal zerbitzuen digitalizazioan eta modernizazioan, diseinu berrituarekin eta herritarren benetako beharretatik pentsatutako egiturarekin, eta ez udalaren barne antolaketatik. “Helburua argia da: informazioa aurkitzea eta izapideak egitea errazagoa, azkarragoa eta intuitiboagoa izatea”, adierazi du alkateak.
Zerbitzua emateko
Atari berritua zerbitzuetara bideratutakoa da, erabiltzaileen ikuspegitik eraikia. Gehien eskatzen diren izapideak, kudeaketak eta zerbitzuak lehenesten ditu, eta izapidetze elektronikoa sustatzen du, udalak administrazio eraginkorrago, irisgarriago eta jasangarriago baten alde egiten duen apustuaren ildotik.
Ez da beharrezkoa udala barrutik nola antolatzen den jakitea. Webguneak oztopoak kentzen ditu, konplexutasun administratiboa murrizten du eta pertsona orok behar duena erraz, argi eta zuzenean aurkitzea ahalbidetzen du.
Bestalde, komunikazio argiaren printzipioetan oinarritzen da, testu ulergarriekin, egitura sinpleekin eta nabigazioa eta informazioaren ulermena errazten dituen ikus-diseinu garbiarekin. Gainera, edukietara sartzeko behar diren klik kopurua murriztu da, erlazionatutako informazioa multzokatuz eta eduki zaharkituak edo baztergarriak kenduz. Horrek guztiak benetan garrantzitsua den horretan jartzen du arreta: zerbitzuetarako sarbidea eta herritarrentzako informazio erabilgarria.
Informazioaren arkitektura berria
Webgunearen arkitektura erabat birdefinitu dute, hiru atal nagusitan egituratuz: herritarrentzako zerbitzuak, hiriari buruzko informazioa eta gobernua, kudeaketa eta gardentasuna.
Edukiak ez dira udal sailen arabera antolatzen, herritarren ikuspegitik baizik. Zerbitzu askotan udaleko hainbat arlok parte hartzen dute, baina barne funtzionamendu hori desagertu egiten da irudi uniforme eta koherente bat eskaintzeko, erabiltzaileei esperientzia sinpleagoa eta arinagoa erraztuz. Gainera, eguneroko informazioa eta udalaren gaurkotasuna ere argiago antolatu dituzte, orrialdearen gainerako filosofiari jarraituz, erraz identifika daitezkeen gaien arabera sailkatutako albisteekin.
Bestalde, udalak gardentasunarekin duen konpromisoa dela eta, Prentsa Areto birtual bat ere sortu dute, gaurkotasuneko eduki guztiak eta zuzeneko emisioak kontsultatzeko.
Horrez gain, webgune berriak bat egiten du beste udal ekimen batzuekin, hala nola Eskura aplikazio mugikorrarekin, udalak administrazio hurbilago, arinago eta digitalago batekin duen konpromisoa indartuz, tresna teknologikoak baliatzen baititu zerbitzu publikoa hobetzeko eta herritarrekiko egungo harreman moduetara egokitzeko.


