Alokairu kontratuetako gehiegizko klausulei aurre egitera deitu du Saretxek
Saretxek egindako prentsaurreko baten artxiboko irudia.Saretxe Saretxe Etxebizitza Sindikatuak alokairu kontratuetako gehiegizko klausulen inguruko gida bat aurkeztu zuen duela hilabete inguru, eta hori baliatzera deitu dituzte halako klausulak pairatzen dituzten maizterrak: “Etxejabe espekulatzaileengandik babesteko, ezinbestekoa dugu autodefentsarako tresnak sortzea, eta gida honek ekarpena egin nahi du ildo horretan”, nabarmendu dute.
“Gehiegizko klausulak dira gure kontratuetan sartzen dizkiguten diren gehiegizko neurri batzuk, beti etxejabeak inposatuta eta guretzat, maizterrontzako, kaltegarriak direnak. Hau da, desoreka sortzen dute: guk eskubide gutxiago eta etxejabeek abantaila gehiago. Gainera, oso ohikoa da kontratu estandarretan agertzea. Baina, kontuz, sinatuta egon arren, klausulak gehiegizkoak badira baliogabetu ditzakegu”, azaldu du sindikatuak, sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
Horrela, gehiegizko klausulei aurre egin nahi izanez gero, sindikatuarekin harremanetan jartzera deitu dituzte maizterrak: astelehenero Hondarpe auzo elkartean 19:00etan egiten dituzten bileretara joanda (Nafarroa Beherea plaza, 6), etxebizitza.saretxe@gmail.com helbidera idatzita edo 722-67 24 59 telefono zenbakira deituta edo idatzita.


