Bost disuasio aparkaleku egiteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk
Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotzia, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu EH Bilduk Donostian disuasio aparkaleku gehiago ezartzeko proposamena aurkeztu du. “Mugikortasun jasangarri baterantz jo nahi badugu, hirian sartzen diren autoen kopuru gutxitu, mugikortasun aktiboa indartu eta donostiarrentzako espazio publikoa irabazi behar da”, adierazi du Garbiñe Alkiza zinegotziak. “Ekuazioak auto pribatuari lekua gutxitzea ekarriko dioenez, gidari horiei alternatibak eman behar zaizkie, eta hor kokatzen ditugu disuasio aparkalekuak”, gaineratu du.
Hiriko erdiguneko aparkalekuei dagokienez, udal taldeak uste du azpiegitura hauek ustiatzen dituzten emakidadunekin berriro negoziatu behar direla “txandakako lekuen murrizketa handiagoa izan dadin”. Zehazki, aparkalekuak publikoak izatea da EH Bilduren proposamena. “Horrela, txandakako plazak murriztu, egungo plazak bertakoentzat esleitu eta gainontzeko espazioa bizikletentzako aparkalekuak eta banaketarako eta logistikarako guneak sortzeko baliatuko genituzke”, azaldu du Alkizak.
Datu bat ere seinalatu du zinegotziak: “Donostiak gaur egun, soilik Isuri Gutxiko Eremuaren barruan, sei aparkaleku publiko ditu, guztira 2.500 txandakako leku baino gehiagorekin”.
Hiru epealdi
Disuasio aparkaleku batek ondo funtzionatzeko, doan edo tarifa murriztuarekin sustatu beharko litzatekeela dio udal taldeak. “Baldintza hauek bete beharko lituzke: garraio publikoarekin lotura behar du, doakoak diren aparkaleku gehienek gutxieneko eta gehieneko egonaldia izatea ziurtatu behar dute eta aparkaleku batzuk egun eta ordutegi zehatza izan behar dute haien kokapenaren arabera”, esan du Alkizak.
EH Bilduk baldintza horiek betetzen dituzten disuasio aparkaleku berriak egiteko proposamenak dituztela jakinarazi du zinegotziak, “eta guztiak lur berria okupatu gabe egin daitezke”. Horretarako, hiriak dituen eremu batzuk egokituko lituzkete aparkaleku bihurtzeko. “Proposamenak gauzatzeko hiru epealdi proposatzen ditugu aurreikuspenak epeetan sailkatzea garrantzitsua iruditzen zaigulako. Nolabait, kronograma bat jartzen dugu mahai gainean, bide orri bat epe motzera, ertainera eta luzera egin daitezkeen proiektuekin”, adierazi du Alkizak.
Epe motzera, disuasio aparkalekuak industrialdeetan eta gune komertzialetan jartzea proposatu dute. Esaterako, Martuteneko 27. industrialdean, Torrua Zahar AU MA 02 eremuko 16. partzela hutsa dagoela ohartarazi dute. “Orain gutxi arte zabortegi gisa erabili izan da, baina jada garbitu egin da. Hortaz, momentu egokia da, eta berriro zabortegi bihurtu ez dadin, partzela honi erabilera bat emateko. Etorkizun batean bestelako erabilera bat izan dezakeen arren, oraingo eremua egokituz, aparkaleku bihurtzea proposatzen dugu 200 eta 250 arteko plaza kopuruarekin.”, azaldu du Alkizak.
Epe ertainera, Igarako industriaguneko disuasio aparkalekua handitzea proposatu dute. “Gaur egun, 220 leku ditu. Eremu bera erabili dezakegu goranzko aparkaleku bat egiteko, bi eta hiru solairu artean eraikiz, 600 eta 700 plaza artean izatera pasako ginateke”, adierazi du zinegotziak.
Epe luzera, Txingurrin, Errekalden eta GI-20 errepidearen inguruan disuasio aparkalekuak jartzearen alde agertu dira. “Txingurrin aparkaleku zentralizatu bat egitea proposatzen dugu plazak bertakoentzat ez ezik, disuasio gisa erabili nahi dutenentzat ere eskainiz. Errekalden berriz, Euskotren geltokiaren inguruan, aparkaleku bat egitea proposatzen dugu. Azkenik, GI-20 saihesbidearen eraldaketa errealitate bat izango da. Saihesbidea eraldatzearekin batera autoentzako errailak murriztuko dira, oinezko eta bizikletentzako bide berriak sortuko dira eta autobus geltoki berriak sortzeko aukerak”, nabarmendu du Alkizak.


