EMUSIK jaialdiak doinu eta dantzez beteko du Blas de Otero plaza
Maiatzaren 14tik 17ra egingo dute Emusik jaialdia, Blas de Otero plazan.Musika eta Dantza eskola EMUSIK jaialdia bueltan da, beste udaberri batez, Egiara. Hilaren 14tik 17ra bitartean, Blas de Otero plaza topagune artistiko bihurtuko da; bertan, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hiri osoan banatuta dituen hamar egoitzetako 1000tik gora ikasleek urtean zehar egindako lana erakutsiko dute.
Ekimena doakoa da eta publiko guztientzako irekia, eta hiriko txoko guztietako ikasleak batuko ditu: Atotxako egoitza nagusitik hasi eta Antiguako, Loiolako Erriberako, Añorgako, Urbietako, Salaberriako, Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko egoitzetaraino.
Musika eta bizikidetza
Jaialdiaren lehen hiru egunak musikari eskainiko zaizkio: guztira, estilo askotako 25 talde igoko dira oholtzara.
Aurten, gainera, beste erakunde batzuekiko trukeak indartu dira. Larunbatean, hilak 16, Orfeoi Gazteak bere ahotsak batuko ditu Eskolako abesbatzekin. Horrez gain, Sallentetik (Katalunia) etorritako hiru taldek —Cor Jove, Orquestra Cal Moliner eta Big Band Jove— parte hartuko dute.
Dantza eta belaunaldien arteko lotura
Igandean, hilaren 17an, dantzaren txanda izango da. 12:15etik aurrera, dantza klasikoa, garaikidea eta euskal dantza uztartuko dituen erakustaldia eskainiko dute ikasleek. Jaialdiaren balio nagusietako bat adin desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza da, eta horren erakusgarri izango da Plus55 programaren parte-hartzea, belaunaldien arteko koreografia baten bidez.
Bestalde, larunbatean instrumentuen erakusketa egingo da 7 urteko ikasleentzat. Horren bidez, txikienek tresna ugari gertutik ezagutu ahal izango dituzte irakasle espezializatuen eskutik, datorren ikasturtean aukeraketa modu informatuan egin dezaten; izan ere, 2026-27 ikasturterako izen ematea zabalik dago, hilaren 29ra arte.


