Esther Ferrer artistak jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria
Esther Ferrer Tabakaleran, 2019an egin zuen erakusketan. Tabakalera Esther Ferrer artistak (Donostia, 1937) jasoko du 2026ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria, humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien alorrean. Epaimahaiak honako arrazoi hauengatik erabaki du artista donostiar beteranoa saritzea: “Bere ibilbide artistikoagatik eta Euskal Herriko hezkuntzan egindako ekarpenagatik”. Epaimahaia zazpi unibertsitatetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute eta uztailean emango diote garaikurra Ferrerri.
Ibilbide luze eta oparoko artista da Ferrer: “1960ko hamarkadaren hasieratik, diziplina anitzeko ibilbide zabala garatu du, izaera kritiko sakonekoa, hizkuntzaren eta denboraren mugak gainditzen dituena, eta gorputza bere sorkuntza lanaren erdigunean kokatzen duena”, nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko zein nazioarteko museo garrantzitsuenetariko batzuetan erakutsi du bere obra hamarkadotan, baita hainbat aitortza jaso ere. 2022an, esaterako, Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen. Horren harira, elkarrizketa mamitsua egin zion IRUTXULOKO HITZAk orduan; hemen irakur dezakezue.
“Euskal Herriko hezkuntzan egindako ekarpena” ere nabarmendu du epaimahaiak: “1963an Donostian sortutako Adierazpen Libreko Tailer aitzindarian parte hartu zuen Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera, baita Elorrioko Eskola Esperimentalean ere. Ondoren, irakasle lan zabala garatu du Kanadako, Frantziako, Italiako, Mexikoko, Suitzako eta Espainiako unibertsitate eta Arte Ederren eskoletan”. “Gizartearen egungo bilakaerarekin konprometitutako artista bat” da Ferrer, Eusko Ikaskuntzaren hitzetan.


