«Hiri seguruago baten alde» mobilizatzera deitu du PPk
PPko bozeramaile Borja Corominas, manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoan.PP Donostiako PPren eztabaidagai nagusienetako bat da “segurtasunarena”, eta horren inguruko mobilizazio bat antolatu du hurrengo ostegunerako (hilak 21), 19:30ean, Bilbo plazan.
Hedabideei helarazitako oharrean —ohiko legez, gaztelania hutsean—, EAJ eta PSE-EE udal gobernuko kideak gogor kritikatu ditu: “Urteetan esan ziguten dena sentsazio bat zela. Egunero gure kaleetan ikusten eta sufritzen genuena ez zela benetakoa. Seguru ez sentitzea nahikoa larria ez balitz bezala”. Gogoratu behar da Donostiako hiru zinegotzi popularrek, Corominasek, Vanesa Velezek eta Jorge Motak, LQNTCDD talde erreakzionarioak Kaleko Afari Solidarioak-en aurka antolatutako lehenengo mobilizazioan parte hartu zuela.
Ustezko segurtasun faltaren “sentsazio” hori “guztiz erreala” dela esan du Corominasek: “Delinkuentziak kezka gehien sortzen duen hiriburuetako bat da Donostia, eta gutxien egin duena delinkuentzia geldiarazteko”. “Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, Donostia da azken urteetan segurtasunik eza gehien hazi den hiriburua”, argudiatu du Corominasek, aipatu gabe Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren azken datuek diotela 2025ean %5 inguru murriztu egin zela delitu kopurua Donostian, 2024ko datuekin alderatuta.
“Arazoa ez dira zifrak soilik”, gaineratu du bozeramaileak: “Arazoa da donostiarrak nekatuta eta kezkatuta daudela. Auzo osoak nola degradatzen diren ikusteaz nekatuta, gure adinekoak ordu jakin batzuetan bakarrik ateratzeko beldur direla edo gazte asko gauez segurtasunik gabe etxera nola itzultzen diren ikusteaz nekatuta. Lasaitasuna eta espazio publikoaz askatasunez gozatzeko aukera lapurtzen ari zaizkigu”. Horrela, aipaturiko mobilizazioan parte hartzera eta “ahotsa goratzera” deitu du Corominasek.


