Ondarea Orain: Gipuzkoako ondarea modu berrian ezagutzeko aukera
Ondarea Orain ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondarea Orain programaren edizio berria aurkeztu du, lurraldeko kultura ondarea gaur egungo begiradatik aztertzeko asmoz. Maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean, hainbat hitzaldi eta bisita gidatu antolatu dituzte, herritarrei azken ikerketa eta aurrerapen teknikoak hurbiltzeko.
Aurkezpenean Goizane Alvarez Kulturako diputatuak, Josué Susperregi Arkeolaneko dendrokronologoak eta Xabier Uranga arkitektoak hartu dute parte. Alvarezek nabarmendu duenez, edizio honek ondarea “etengabeko bilakaeran” dagoela erakusten du, eta adimen artifizialak zein ikerketa zientifikoak babesteko “modu berriak” irekitzen dituzte.
Egitarau zabala eta askotarikoa
Programak lau saio nagusi izango ditu, sarrera librarekin lekua bete arte:
- Maiatzak 20 (Donostia): Ramon Martinek adimen artifizialak artxibo historikoetan dituen aukerak aztertuko ditu, bereziki dokumentuen irakurketa automatikoari eta itzulpen masiboari dagokionez.
- Maiatzak 27 (Donostia): Gipuzkoako Erdi Aroko egurrezko arkitektura izango da hizpide. Dagoeneko mota horretako 100 eraikin (baserriak, ermitak…) identifikatu dituztela azalduko dute Josué Susperregik eta Ibon Telleriak.
- Ekainaren 3a (Errenteria): Landarbasoko Aizpitarteko kobazuloei buruzko liburu berria aurkeztuko dute Diego Garatek eta Ainara Rodriguezek, labar arte paleolitikoaren garrantzia azpimarratuz.
- Ekainaren 10ean (Zarautz): Amaiera emateko, Zarauzko Santa Klara komentura bisita antolatu dute, eraikinaren birgaitze prozesua eta erabilera publiko berrira egokitzeko irizpideak ezagutzeko.


