PPk eta EH Bilduk ere eman dute beren iritzia, Glad is the Day jaialdia parketik ateratzeko auzian
Glad is the Day jaialdia.Donostia Kultura Gero eta oihartzun handiagoa du Gladys Enean egiten den Glad is the Day jaialdia bertan behera uzteko eskaerak. Orain arte hogei erakunde baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin, eta bultzatzaileak —Parkea Bizirik eta Egia Bizirik elkarteak— harremanetan hasi dira Donostiako udal talde politikoekin euren kezkak eta proposamenak helarazteko.
Atzo, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziarekin bildu ziren. Ormazabalek defendatu du jaialdia edo haren zatirik handiena parketik atera beharko litzatekeela —arropa eta bitxien postu batzuk soilik mantenduz— , eta ekitaldia parkearen inguruko beste eremu batean ospatzea proposatu du. Gainera, zinegotziak konpromisoa hartu du jaialdiak ondare publiko eta naturalari eragiten dizkion kalteen zerrenda Donostia Kulturari helarazteko, babesle gisa hausnarketa egin dezan.
Kalte ekologikoak eta segurtasun falta
Erakundeek gogorarazi dute Glad is the Day jaialdiak 25.000 pertsona inguru biltzen dituela, eremu babestu batean. Salatu dutenez, “giza marabuntak” eta musika tresnen dezibelioek bioaniztasunaren galera eta basa faunak ihes egitea eragiten dute. Horrez gain, ohartarazi dute bibrazio handiek ehunka urteko zuhaitzen adarrak hausteko arrisku larria sortzen dutela, bertaratuen osotasun fisikoa arriskuan jarriz.
Segurtasun neurriei dagokienez, uda betean edukiera kontrolik eta larrialdi plangintzarik ez egotea salatu dute, zigarrokinek sute arriskua areagotzen duten bitartean.
Bestalde, kritika zorrotza egin diote alkoholaren kontsumoari. Boluntarioen ustez, udalak eta Donostia Kulturak alkohola “mugarik gabe eta ura balitz bezala” sustatzen eta normalizatzen dute.
Bilerek jarraipena izango dute
Alderdi Popularrarekin (PP), berriz, hilaren 11n elkartu ziren. Alderdiak, hala, hamabi orrialdeko zirriborro proposamen bat helarazi die. Bertan, kontzertua eta babeslea mantentzearen alde egiten badute ere, edukiera eta dezibelioak mugatzeko neurri zuzentzaileak proposatzen dituzte. Era berean, urteko jarraipen mahai bat sortzea planteatu du PPk, Donostia Kulturak, Cristina Enea Fundazioak, udalak, ingurumen teknikariek, auzo elkarteek eta naturazaleek osatua.
Elkarteek gainerako alderdi politikoekin ere zehaztu dituzte hitzorduak. Gaur bertan, hilak 14, EAJrekin batzartuko dira, eta hilaren 20an Elkarrekin Podemosekin. PSE-EEk ere telefonoz deitzeko konpromisoa hartu du, bilera lotzeko.


