Arrakasta eta onurak
Glovoko banatzaile bat.Joseba Parron San Sebastian Ezker instituzionala bestelako etorkizun bat (utopikoa edo, behintzat, hobea) imajinatzeko eta eraikitzen hasteko gai ez den garaiotan, sistema honen «arrakastaz» eta «onurez» hitz egiten duten berberek bonbardatzen dituzte herrialdeak, bahitzen dituzte presidenteak eta mehatxatzen dute mundua.
Baina zer arrakasta klase da milioika herritarrek gosea pasatzea egunero? Zer arrakasta klase da munduko aberatsenen %1ak bere esku edukitzea munduko aberastasunaren erdia? Zer arrakasta klase da, hori hala izaten jarraitzeko, baliabideak dituzten edo beste mundu posible baten sinboloak diren herrialdeak bonbardatu eta mehatxatu behar izatea?
Eta, gure Donostian egunero ikusten dugunera ekarrita, zer arrakasta klase da oinarrizko eskubideak urre prezioan saltzea edo alokatzea eta, bitartean, ehunka pertsona kale gorrian egotea? Zer arrakasta klase da ustezko «askatasun indibidualaren» adierazgarri handienetako bat den argazkiko banaketa enpresaren banatzaile askok hiriko arkupe eta atarietan lo egitea? Zeren, bai, egun euritsuetan ere etxera pizzak, hanburgesak edo gaileta paketeak ekartzen dizkiguten banatzaile horietako askok kale gorrian egiten dute lo, kalera ateratzea besterik ez dago hori jakiteko.
Hori guztia al da «arrakasta» eta «onurak» edukitzea?


