Azken dantzarena
'The Devil Wears Prada 2' filmeko fotograma bat. Filma: The Devil Wears Prada 2.
Zuzendaria: David Frankel.
Urtea: 2026.
Herrialdea: AEB.
Zintzoak izan gaitezen: inork ez zuen sekuelarik eskatu —ez genuen behar—, baina ziur naiz estreinaldiaren iragarpenak halako zirrara puntu bat sortu ziela orain bi hamarkada New Yorkeko modaren mundu fribolora gerturatu ziren nerabe koskortu horiei. Nostalgiari nostalgia, baina baita izua ere. Runway aldizkariaren unibertsora itzultzea duela hogei urteko galtza estu horiek berriro janztea bezalakoa izan da; nostalgiak zarama, bai, baina jostura edozein unetan lehertuko ote denaren beldurrak lagunduta une oro.
Jatorrizkoaren lehen atal haren egile den David Frankel zuzendari, gidoigile eta ekoizlearen esku berdinek ondu dute ere jarraipena, klasiko —eta ia kultuzko ere— bilakaturiko istorio haren hogei urteko garapena dena. Moda munduari buruzko komedia bat baino askoz gehiago; botereari, nortasunari eta lan inguruneko sakrifizio pertsonalari buruzko azterketa sakona-edo. Bada, Lauren Weisbergerren eleberrian oinarritutako lehen filmak argitalpen ikoniko batek irudikaturiko goi mailako joskintza erabili zuen botere dinamika unibertsalak aztertzeko; oraingoan, aldiz, aro digital betean eta adimen artifizialaren aurrean, kazetaritza tradizionalaren krisiari heldu dio zuzendariak.
Aldizkari asko itxi dituzte; komunikabideak beren langileak kaleratzen ari dira, eta argitaletxeek gastuak murriztu eta iragarleen morrontza beren gain hartu dute. Ia esan beharrik ez dago, gainera, AAren iritsierak edukigintza irauli du. Andy Sachs (Anne Hathaway) Runway aldizkariaren Miranda (Meryl Streep) editore beldurgarriaren laguntzaile bihurtu eta hogei urtera, argitalpenaren New Yorkeko egoitza solairuz aldatu da; toki berri bat, itxura berri bat, digitalak ere bere espazioa izan dezan. Hori gutxi ez, eta izotzezko erregina den Mirandari ere pitzadura berriak atera zaizkio: bere estatusa mehatxatuta ikusi duenetik, malkartsu samar bilakatu da bere bidea, eta horrek atseginagoa bilakatu duela dirudi. Bada, Andyren bat-bateko kaleratzeak eta Mirandaren irudia zikintzen duen artikulu polemiko baten aldi bereko argitalpenak eragingo du gurutzaketa: lehenak lanpostu berri bat behar du, eta, zuzendariak, bere argitalpenaren ildo editoriala aberastuko duen kazetari bat.
Pelikulak arrakasta itzela izan du estreinaldian, eta soilik lehen asteburuan 233 milioitik gora bildu ditu. Merezi duen edo ez, ikuslearen espektatiben arabera. Esango nuke badituela nostalgikoen nahiak asebetetzeko beharrezko osagaiak: arintasuna, txinparta, umore beltza, eta iraganeko aurrekari hari egindako makina bat keinu. Oro har, film erreza da, produktu biguna, artifiziala eta funtzionala, onartzeko prest gauden horren tamainan.
Ahuleziak? Noski. Heroia izatearekin nahikoa ez, eta, izoztutako obulu asko gorabehera, Andy maitasun erromantikoaren narratiba elikatuko duen trama batean nahasi behar hori. Are, norekin eta eraikin zaharrak erosi, zaharberritu eta dirutza baten truke saltzen dituen espekulatzaile batekin. Arren, gustu onaren izenean, ez ditzagun zuritu gure hirietako paisaiak eraldatzen dituztenak!


