Bost hamarkada, harietatik zintzilik: Txotxongillo taldeak azkenekoz orraztu dio ilea Erreka Mariri
Enkarni Genua eta Manolo Gomezen Txotxongillo taldeak 55 urte bete ditu, eta erretreta hartzeko unea iritsi zaie. Hala, beren ipuinik kutunena, Erreka Marirena, azken aldiz taularatu zuten pasa den maiatzaren 8an, Loiolako kultur etxean. Bost hamarkada baino gehiagoren ostean, bihotza beteta dago bikotea, egindako lanak jasotako maitasunarengatik.
Erreka Mari, Txotxongillo taldearen eskutik.Joseba Parron San Sebastian Martin itsu-itsuan maitemindu zen harekin; Agustinak eta Kattalinek haren orrazia ostu nahi zuten, hura errekatik botatzeko asmoz. Desberdina zelako, ez zelako beraiek bezalakoa. Bertakoak bezalakoa. Bere ile luzea orrazten zuen arroketan eserita, eta Martinek egunero egiten zion bisita; ilusioz, maitekiro. Oihartzuna ere ederragoa zen Erreka Mariren ahotsean.
Maitasunezko istorio hori beren txotxongiloekin taularatzen 55 urte pasatu dituzte Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek; orain, ordea, erretreta hartzeko unea iritsi zaie. Erreka Marik ilea orrazten jarraituko duen bitartean, Genuak eta Gomezek irribarretsu begiratuko dute lamia, hainbeste urtez, hainbeste haurren aurrean, elkarren eskutik helduta kontatu duten istorioa entzuten duten bitartean.
Hileta atsegin bat
Hilaren 8an, ostiralarekin, eskaini zuen Txotxongillo taldeak Erreka Mariren azken ikuskizuna, Loiolako kultur etxean. Aretoa jendez lepo zegoela gogoratu du Genuak, eta dena «oso polita» izan zela. Haurrek egin zuten kantu, entzun zuten adi, eta disfrutatu zuen bikoteak, azkena bailitzan. Azkena zen, baina zapore gazi-gozoak ez zien disfrutatzea galarazi.
Azkeneko saioa Loiolan egin zuten, kultur etxean, beti hartu omen dituztelako oso ondo auzoetan. Eta Viktoria Eugeniako oholtza eskatzeko ere esan diete, baina argi du bikoteak beren plazak, beren errekak, ez direla oholtza handiak; beraiek handi egiten dituzten agertoki txikiak baizik.
Genuak dio ikuskizun hura eta ordutik ekainera bitarte Loiolako kultur etxean egongo den erakusketa «hileta atsegin» baten tankerako zerbait dela; hor ditu bere panpinak ikusgai, argazkiak, eta bera ere egoten da ostegun eta ostiraletan, jendearekin egoteko. Urumeatik arroka bat hartu, eta kultur etxean bertan eseri zitekeen bera ere, ilea urrezko orrazi batez orraztera.
‘Titiritera’, eta harro
Urte hauetan guztietan beraien ibilbidea jarraitu dutenek, harrituta hartu dute bikotearen erretiroa: «55 urte eman ditugu oholtza gainean, gelditu gabe; heldu da agur esateko momentua, eta abisatu egin behar genuen». Desagertzea ez zegoen beraien planetan. Azkena bada, azkena izango da eta denek jakingo dute azkena dela. Baina Erreka Marik bizirik jarraituko du, bere eskuetan ez bada ere.
Genuak dioenez, oholtzak osasun on bat baino gehiago eskatzen du, eta, «84 urte asko dira, 200 haurren aurrean jartzeko». Ez dio inoiz titiritera izateari utziko, ordea. Izatearen harrotasuna nabari zaio kontatzen duenean. Eta curriculumean ere, argi utzi izan du, betidanik: «Enkarni Genua Espinosa, titiritera; Filosofia eta Letretan lizentziatua». Lehenengo, titiritera; berarentzat, inportanteena da. Filosofia eta Letrak ez dira hain garrantzitsuak, urrezko orrazi batekin orraztu zaitezkenean.
Munduaren bilakaera
Mundua su hartzen ikusi dute Genua eta Gomezen txotxongiloek, 55 urtetan; ikusi dituzte pandemiak, hizkuntzaren aurkako aldarriak, gerrak. Ikusi dituzte haurrak hazten, beraiek ere hazi dira. Lehengo ohiturak ere desberdinak ziren, oraingoekin alderatuta.
Orain, jaioberriak ere badoazelarik, 12 eta 14 urte bitarteko haurrak ziren beren saioetako ikuslerik ohikoenak, lehen; ikastoletan ikuskizunik eskaini behar zutenean, matematika eskolaren eta txotxongilo saioaren artean panpinak aukeratzen zituzten horiek. Eta Genuak argi uzten zien, ez pentsa: saioa ikustera joan behar bazuten, «momia» baten gisan portatu behar ziren, eta «txikiak ez molestatu». Momia baten gisan, agian, ez ziren egoten. Baina istorioan sartzen zirela, bai, noski. Eta kantatu egiten zuten, eta ipuineko gaizkileari errieta egiten zioten.
Hori baita txotxongiloaren magia; haur zein heldu izan, istorioan sartzen zaituela. Barruko haur hori ateratzen duela eta ikusten duzula zeure burua Erreka Marin, Martinen, Agustinan edota Kattalinen. Norbaiten urrezko orrazia ere izan zara, agian, noizbait.
Aldatu da publikoa, eta aldatu da teknika. Dekoratuak, argiak. Gaur egun modan dagoen «objektu antzerkia» ez da oraingo kontua, ordea, Genuak kontatu duenez. Hori asmatuta zegoen, dagoeneko: Erreka Mariren lagunak bi erratz dira. «Eta ipuinak 48 urte ditu…».
Errealitatearekin talka
Ondo pentsatu izan dute zer zen haurrei helarazi nahi zietena; hautu kontziente bat dago ipuinetan, kontatzeko moduan. Eta Erreka Mari ere, zerbaitengatik da hain berezia beraientzat. Lamiaren istorioak ia bost hamarkada dituen arren, gaur egunera ere eraman genezake: desberdina izateagatik, bertakoa ez izateagatik Agustinak eta Kattalinek lamia kaleratzeko duten nahia, eta naturaren zaintza. Lamia errekatik botatzeko, erreka zikintzeko hautua. Immigrazioa eta aldaketa klimatikoa, azken finean. Berrogei urte baino gehiagoren ostean, ipuina egunero kontatzen da, bera bakarrik.
Hala, Erreka Marik duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Genuak: «Natura zaintzearen kontuarekin ahoa betetzen zaigu, eta gero gu geu gara, erre eta zigarrokina lurrera botatzen dugunak; ingurua zaintzea denon ardura da».
Bizirik jarraituko du
Lamiak bizirik jarraituko du, bizitza propioa duelako. Eta, orain, kale bat ere badu, Loiolan bertan. Urumearen ondoan, non bestela. Lorategi Hiriko kale bati Erreka Mari izena jarri izanak biziki poztu du Genua: «Ez dut ezagutzen txotxongilo munduan pertsonaia batek kale bat duenik. Lekurik onena da: zuhaitzez inguratuta eta errekaren ondoan».
Hortik ez, hortik ez dute botako. Ikusiko ditu maitemintzen milaka Martin eta inbidiaz josiko ditu beste hainbeste Agustina eta Kattalin. Eta oholtzak, plazak eta errekak bisitatzen jarraituko du, ordea, Rosa Martinez txotxongilolari bizkaitarraren eskuei esker: «Ni ez nintzen leku guztietara iristen, eta Rosak egiten zituen Bizkaia aldeko saioak. Orain, berak jarraituko du Erreka Mari Euskal Herritik eramaten, eta ilusio handia egiten dit edonon dagoela esaten didanean», kontatu du Genuak.
Hizkuntzaren balioa
55 urte hauetan, ipuinak euskaraz kontatu ditu bikoteak. Beren hizkuntzan, betidanik eurena izan ez den arren: «29 urterekin hasi ginen euskara ikasten, alaba ikastolara eramaten hasi ginenean. Hari laguntzeko asmoz, ikasteko beharra sentitu genuen, eta Euskal Herrian Euskaraz leloa sortu aurretik, guk euskaraz egiten genuen. Hala konturatu ginen geure hizkuntza zela». Argi izan zuten, hasieratik, euskaraz izan behar zutela beren ikuskizunek; euskarazko ipuinak kontatu behar zituztela. Tradizionalak, betikoak. Historian zehar bizirik mantendu direnak.
Eta orain, bizitza oso baten ostean, jarraitzen dute hartutako erabakiari irmo eusten. Erreka Mariri eskua eman, eta orrazten lagunduko diote. Eskainiko dizkiote gaizkileengandik ezkutatzeko arroka berriak eta inoiz baino ozenago entzungo da haren ahotsaren oihartzuna, Euskal Herriko erreka guztietan.





