«Kalitatezko fruta eta barazkiak edukitzen saiatzen gara»
Tokiko produktuak, kalitatea eta bezeroarekiko gertutasuna oinarri dituen fruta eta barazki denda da Muno Baserria. Baserriko bizimodua txikitatik barneratuta, denda propioa irekitzea amets zuen Jone Irizarrek, eta 2020an eman zuen pausoa.
Muno Baserria dendako arduradun Jone Irizar.Garazi Etxaniz Idarreta Non: Nafarroa Beherea plaza, Gros.
Telefonoa: 638-81 21 34
Webgunea: Munobaserria.eus
Nola egin duzue jauzia baserritik hiriko dendara?
Muno baserria nire familiakoa da, aitaren aldetik datorrena, Irizartarrena. XVI. mendekoa da, eta beti egon da baratzearekin lotuta: lehen, fruta arbolak ziren nagusi, gero animaliak sartu ziren, eta gaur egun biak uztartzen dira. Behi esnea ere ekoitzi izan dugu, aita jubilatu arte. Amak, gaur egun ere, Bretxara eramaten ditu barazkiak. Nik txikitatik bizi izan dut giro hori: amonarekin eta gero amarekin joaten nintzen merkatura. Beti izan dut denda propioa irekitzeko gogoa, eta 2020ko uztailean, pausoa eman nuen. Baserriaren izena jarri nion.
Zein da dendaren bereizgarria?
Batetik, etxeko produktuak ditugu, gure baratzetik datozenak. Bestetik, ekoizle txikiekin lan egiten dugu: guk geuk jasotzen dugun eztia, artisau batek egindako marmeladak… Gertutasuna bilatzen dugu beti, nahiz eta %100ean ezinezkoa izan. Beti kalitatezko fruta eta barazkiak edukitzen saiatzen gara.
Horixe da produktuak aukeratzeko irizpidea?
Bai, kalitatea, baina logikoki, izugarrizko preziorik ez duten heinean. Badira kalitate handiagoko produktuak, baina prezioak ez badu justifikatzen aldea, ez dugu beharrezkotzat jotzen.
Jendeak badaki garaian garaikoa kontsumitzen?
Ezjakintasun handia dago, oraindik. Denda honetan ahalegina egiten dugu azaltzeko: adibidez, neguan lekak eskatzen badituzte, esaten diegu ez dela garaia hemengoentzat. Bai, kanpotik iristen dira lekak, baina hemen ez da garaia. Badago ikasi nahi duen jendea, eta badago gaia batere interesatzen ez zaiona.
Bezeroek eskertzen dute orientazio hori?
Bai. Askok diote ez dakitela noiz den fruta edo barazki bakoitzaren garaia, eta gustura jasotzen dute azalpena. Konfiantza sortu da eta bezeroek galdetu egiten dute. Harreman hori oso polita da.
Zein leku du euskarak dendan?
Hiru langile gara, eta, horietatik, bi euskaldunak gara eta hirugarrenak ulertzen du, baina ez du hitz egiten. Bezero euskaldunek euskaraz egiten digute; jendea saiatzen da, behintzat.
Zer duzu gustukoen eta zer da zailena egunerokoan?
Zailena goizeko bostetan jaikitzea da [barrez]. Gustukoena, berriz, jendearekiko harremana da: kalean bezeroekin topo egitea, elkar agurtzea… Denda prestatzea ere asko gustatzen zait: goizean, itxita dagoenean, dena txukun-txukun jartzen dut bezeroak sartzerako prest egon dadin. Momentu hori asko disfrutatzen dut.


