«Nor garen adierazteko modu bat ere bada janzten duguna»
Bertsoen mezu indartsuak janzteko ideiatik sortu zen Puntutan, 2011n. Gaur egun, proiektuak 50 diseinu baino gehiago ditu eta Loiolan finkatu du bere tailer-denda. Arropa soila baino gehiago, identitate bat eskaintzen du markak, Unai Elizasu Lertxundik (Altza, 1980) azaldu duenez.
Unai Elizasu, Puntutan dendan.Nagore Garmendia Hamabost urte bete ditu Puntutanek. Zein helbururekin hasi zinen?
Garai hartan, euskarazko kamisetak batez ere jaietakoak (Korrika, Kilometroak…) edo musika taldeenak ziren. Konturatu nintzen bertso eta kanta askok mezu oso indartsuak dituztela: maitasuna, mina, bizipen pertsonalak… Jendeak testu horiekin bat egiten zuela ikusita, pentsatu nuen, agian, nahiko zituela horiek jantzi.
Eta gaur egun moda da edo jarraitzen du identitate kontu bat izaten?
Ez da inoiz moda izan. Arropa egiten dut, eta arropa hori jendeak janzten du, bai. Baina egiten dut euskarak eduki dezan presentzia bat arropetan, identifikatu zaitzaketen testuekin. Beti esaten dut, ze hankarekin esnatzen zaren arabera, daukadan edozer gauza jantzi dezakezula. Badaukate umoretik, seriotik, hausnarketatik… denetarik dago.
50 diseinu baino gehiago dauzkagu. Bertsoa zerbait bada, zerbait bizia da, eta bizibide horretan oinarritzen naiz. Asko daude aukeratzeko, bertsolari asko daudelako. Eta batzuei bat gustatzen zaie, eta beste batzuei beste bat. Ba, gauza bera da: jendeak jantzi dezala identifikatu dezakeen zerbait, eta, gainera, euskaraz. Dena da euskaraz hemen: testuak, egunerokoa, komunikazioa… jende askok galdetzen dit ea zergatik ez dudan komunikazio hori gaztelaniaz ere egiten. Baina ez dut nahi. Gaztelaniaz egingo banu, ez litzateke Puntutan izango.
Jendeak erostea nahi dut, baina nahi dut kontsumismoaren atzean dagoen guztiaren kanpo egon. Kontraesan bat da, baina… Lasai lo egiteko moduan egiten dut. Gehiago saldu nahiko nuke hobeto bizitzeko, baina gazteleraz egin behar baldin bada, ez nintzateke lasai egongo. Saiatzen naiz ahalik eta koherenteen izaten gauza askotan, batzuetan zaila den arren.
Esan duzu 50 diseinu dauzkazula. Zein da jendearen gogokoena?
Zortzikoa. Lehenengo diseinua da, eta oraindik ere, gehien saltzen dena da. Garaiak daude; agian sareetan bat publikatzen duzu eta hori saltzen da pila bat… Lazkao Txikiren Txikia bai baina exkaxa ez ere asko saltzen da. Eta badaukat diseinuren bat aurkeztu dudana eta ez dudana saldu ezta bat ere. Hor geratuko da hozkailuan, aurreragorako.
Orain, erakusleihoa duen leku batean dago Puntutan.
Abendutik nago hemen, Loiolako Latsarien plazan. Gehiago da bezeroei irekita dagoen tailer bat. Edozein despistatu sartzen da begiratzera, erostera, nire barne kezka askorekin… askotan, erdaldunak sartzen dira eta erosten dute gustatzen zaielako, zer jartzen duen berdin zaielarik.
Behin, gizon hegoamerikar bat etorri zen esanez sudadera bat nahi zuela, soila, diseinurik gabea. Galdetu nion ea nola iritsi zen honaino, eta esan zidan hemen ondoko hotel batean zegoela, eta Interneten ikusi zuen arropa dendarik hurbilena hau zela. Orduan konturatu nintzen arropa denda bat ere banaizela, hori izan nahi ez dudan arren.
Esaldi gehienak bertsoak dira, esaera zaharrak… nola erabakitzen dituzu diseinuetarako esaldiak?
Bertso pila bat dauzkat buruan, adi nago, eta, gero, asko jendearen gogoan geratzen dira. Nafarroako txapelketako Xabat Illarregiren azkeneko puntu horrengatik galdezka eduki dut jende asko, eta itxaron egin nuen, badaezpada. Emozioarekin jendeak gogoan du, baina gero, agian, ahaztu egiten zaie. Egin behar da jendearen oroimenean geratuko den hori. Mundu honetan dabilen jendea gogoratu egiten da esaldi esanguratsuez.
Eta badaude esaldi zahar batzuk gaur egun balio dutenak, badaude umorezko bertso pila bat, funtzionatu dezaketenak, eta beste batzuek, agian, garai batean funtzionatu zezaketen, baina orain ez. Intuizioz aukeratzen ditut.
Batzuk oso zaharrak dira…
Bai, baina denok gogoratzen ditugunak. Daukadan berriena izango da azkeneko Txapelketa Nagusiko Maialen Lujanbio eta Alaia Martinena, eta lau urte pasatu dira, honezkero. Orain txapelketa datorrela, ikusiko dugu zer gertatzen den… baina uste dut txapelketa honetan zerbait berezia pasatuko dela.
Nola laguntzen du arropak euskara beste plaza batzuetara zabaltzen?
Gu nor garen adierazteko modu bat ere bada janzten duguna. Hitz egiteko moduan, orrazteko moduan azaltzen dugu nor garen.
Helburua hori da, ez? Identifikatuta sentitzea.
Jantzi duzun horrekin identifikatua sentitzea, bai. Nik ez dut inor Puntutanekin identifikatuta sentitzerik nahi, baizik eta esaldiekin. Eta Puntutanek ona den zerbait baldin badauka, nahiz eta enpresa ikuspegitik txarra izan, da marka ez duzula inon ikusten. Ez du Puntutan jartzen, eta jartzen badu, ezkutatuta dago.
Transmisore lana egiten du markak, azken finean.
Esaldiak ikustean, jendeak pentsa dezake: «Ze mezu polita, ze identifikatua sentitzen naizen honekin». Asko ez dituzte ezagutuko, bertsolariari ez diote aurpegirik jarriko, baina esan duenarekin identifikatuta sentitzen dira.
Eraman dezakezu Decathlon, Zara… baina horrekin ez zara identifikatzen; erosoa da. Baina hau ere erosoa da. Kaletik ibiltzeko arropa basikoa da, kolore aukera izugarri batekin, gainera. Hemen da: nahi dut neurri hau, kolore honetan eta diseinu honekin. Arropa pertsonalizatua da, aukera handiarekin.
Eta Puntutanen erosten duen bezero mota identifikatu duzu?
30-45 urte arteko emakumeak, gehienbat, gizonezkoentzat erosten duten arren… jende euskalduna da, zalantzarik gabe, esaldiekin bat egiten duen jendea, Puntutanen koherentzia dutenak: euskaratik egitearena. Azkenaldian, gainera, aurpegia jartzen ari naiz eta badakite nor dagoen honen atzean. Eta horrek konfiantza ematen die; bertsolaritza munduan ibiltzen naiz eta, beraz, onartzen naute.
Eta orain sareak aipatu dituzula… Tiktoken hasi zara! Bada beste plaza bat.
Azkeneko hilabete honetan etorri zaizkit bi heldu, 55 urtetik gorakoak, dendara erostera Tiktoken ikusi nautelako. Asko harritu ninduen! Sarean egotea ez da bereziki gustatzen zaidan zerbait, baina uste dut euskarak sarean egon behar duela, eta ahal baldin bada identitate propio batetik, hobeto.
Talde handiak ere etorri zaizkizu arropak pertsonalizatzeko eskatzera.
Kontua da produzitzeko sistema hau oso merkea eta oso ekologikoa dela. Hemen soilik gastatzen da erabiltzen dena. Eta hemen arropa pertsonalizatzeko aukera dago, baina nire erabakia da gero horren berri eman edo ez.
Nori eskatuko zenioke egiteko Puntutanen 15 urteei buruzko bertso bat?
Inoiz komentatu izan dut Puntutan egunen batean itxiko balitz, hil egingo dela, ez dut salduko. Bertsolariek niri eman didate baimena beren hitzak erabiltzeko, badakitelako nor naizen eta zer egiten dudan. Badakite nire bizitzeko modua zein den. Zerbaiti eskertua banago da bertsolari denei, hau egiteko eman didaten babesarengatik. Beraz, ezingo nuke aukeratu.



