Goya eta Motherwell, aurrez aurre, San Telmo museoan
'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' erakusketa, San Telmo museoan.STM Atzoz geroztik eta irailaren 27ra arte, San Telmo museoak artearen historiako bi izen esanguratsuren arteko topaketa jasoko du: Francisco de Goya eta Robert Motherwell. Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat izenburupean, erakusketak Aragoiko maisuaren lanaren eta gaur egungo sentsibilitate artistikoaren arteko elkarrizketa “sakon eta gaurkotua” proposatzen du.
Elkarrizketa ilun bat
Erakusketaren abiapuntua museoaren azken eskurapenetako bat da: Goyaren Gerrako hondamenak serie entzutetsua. 1810 eta 1823 artean egindako 80 estanpa biltzen dituen bilduma horrek inbasio napoleonikoaren aurkako gerraren pasarte gordinenak jorratzen ditu. Hala ere, grabatu horietan, gaur egungo hondamendiak ere antzeman daitezke, oraindik.
Espainiara egindako bidaiak eta Goyaren Pintura Beltzek inspiratuta, Motherwellek beltza nagusi den eremu abstraktu zabal bat sortu zuen Iberia lanean. Mihise horrek “elkarrizketa isila” azaltzen du, Goyarekin, eta hori ere ikusgai dago, erakusketan.
Erakusketa borobiltzeko, artelanez gain, ikuslearen testuingurua aberasten duten hainbat material eta dokumentu bildu dituzte: argazkiak, ikus-entzunezkoak, eta katalogo eta liburuki historikoak.


