Israelgo Estatuaren desegitea eta konplizitate ekonomikoak eteteko exijitu dute
Bulebarrean mobilizatu ziren atzo, palestinar herriaren alde.Palestina Elkarrekin Palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuaren inpunitatea salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Donostian. Bertaratutakoek ozen salatu zuten Tel Aviveko Gobernuak Palestinan Nakhba gisa ezagutzen den garbiketa etnikoari amaiera emateko “lasterketa zoroa” areagotu duela.
Adierazitakoaren arabera, 2023ko urritik Israelek inoiz baino argiago erakutsi du “Israel handiaren proiektua” gauzatzeko asmoa, okupazioa sakonduz eta eskualde osora hedatuz, Libano barne. AEBek Iranekin zuten su etena hautsi ostean, bonbardaketekin eta kolonizazioarekin jarraitzeko asmoa berretsi du Israelek, Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean erasoak gogortuz.
Egoera horren aurrean, mobilizazioaren bultzatzaileek aldarrikatu dute Israelgo Estatuaren desegitea dela “eskualdeko herri langileen askatasuna lortzeko berme bakarra”.
Mendebaldearen papera eta deshumanizazioa
Atzoko protestan pisu handia izan zuen AEBen eta Mendebaldeko gobernuen jarreraren salaketak. Salatu zutenez, Israelgo proiektu koloniala ez litzateke posible izango kanpoko babes militar, ekonomiko eta politikorik gabe. Hala, Mendebaldeak palestinarren deshumanizazioa eta erresistentziarako eskubidearen ukazioa “normalizatu” dituela azaldu zuten.
Deshumanizazio estrategia horren adibidetzat jo zuten Israelgo Parlamentuak onartu berri duen legea, palestinarrei heriotza zigorra ezartzea ahalbidetzen duena.
Euskal Herritik konplizeak seinalatzea
Sustatzaileek gogoratu zuten erresistentzia eta elkartasun aldarri honetan, Euskal Herriak ere dagokion erantzukizuna hartu behar duela. Hala, “konplizeak seinalatzeko beharra” mahai gaineratu zuten.
Zehazki, CAF enpresaren papera kritikatu zuten berriro, Jerusalemgo hirigunea eta lurralde okupatuak lotzeko eraikitzen ari den trenari “apartheidaren trena” deituz. Salaketaren arabera, proiektu hori “Palestinako kolonizaziorako tresna zuzena da”, eta babesa ematen dioten erakunde zein eragileek “esku hartze zuzena daukate genozidioaren ekonomian”.
Hori dela eta, CAFekiko eta okupazioa sostengatzen duten enpresa zein instituzioekiko harreman guztiak eteteko exijitu zuten, egindako krimenengatik erantzukizunak argitu arte.


