Zazpi pertsona kaleratu dituzte Jolastokietako etxebizitza batetik
Jolastokieta auzunea. Nerea Lizarralde Saretxe Etxebizitza Sindikatuak salatu du Udaltzaingoak Jolastokieta kaleko 10. zenbakian bizi ziren zazpi pertsona kaleratu dituela, Donostiako Udalaren aginduz.
Sindikatuak emandako datuen arabera, prozesua asteazkenean hasi zen, Acuña enpresako langile bat bizilagunengana gerturatu, eta biharamunean poliziarekin itzuliko zirela ohartarazi zienean, obrak hasi behar zituztela eta. Horren aurrean, bizilagunek laguntza eskatu zioten etxebizitza sindikatuari. Gauzak horrela, babesa emateko txandak antolatu zituzten goizean zehar, etxebizitzan bertan.
Esku hartze bikoitza
Sindikatuak azaldu duenez, goizak aurrera egin ahala, tentsio uneak bizi izan ziren Jolastokietan. Lehenik, Ertzaintza gerturatu zen, baina etxegabetzeko agindurik ez zutela adierazi ostean, agenteek bertatik alde egin zuten.
Beranduago Udaltzaingoa agertu zen, eta Ertzaintzak esandakoaren kontra, etxegabetzea gauzatzeko agiri bat aurkeztu zieten bertakoei. Saretxeren esanetan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta udaleko teknikari batek sinatutako agindua zen kaleratzea ahalbidetu zuena. “Gaurkoa bezalako gertakariek argi erakusten dute instituzioen izaera klasista eta arrazista. Postaletako Donostia ala Donostiako bizilagunon bizitzak; udalak irmo eusten dio bere hautuari”, adierazi dute Saretxetik.
Udalak adierazi du, ordea, eraikina “erortzeko arriskuan” dagoelako gertatu dela kaleratzea, eta segurtasun irizpideak jarraituz hartutako erabakia izan dela.
Mugimenduaren erantzuna
Saretxek argi utzi nahi izan du ez dela “geldirik geratuko” segurtasun tekniko edo sozialaren izenean egiten diren kaleratze hauen aurrean. Haien ustez, etxebizitza “merkantzia hutsa” dela defendatzen dutenen aurrean, “eskubide unibertsal” gisa aldarrikatzen jarraituko dute.
Zentzu horretan, instituzioei exijitu diete atzokoaren moduko egoerarik berriro ez sortzeko, eta ohartarazi dute bizilagunen arteko antolakuntzari eta elkarlaguntza sareei esker borrokan jarraituko dutela: “Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik”.


