Bera Berak liga ere eskuratu nahi du
Ligako finalera sailkatzeko urratsa egin du eskubaloi taldeak. Gipuzkoa Basketi, berriz, ACB ligara igotzeko aukera nabarmen zaildu zaio.
Shula Gavilan jaurtitzear, Porriñoren kontrako neurketan.Bera Bera Kopa irabazi osteko inertzia onari eutsi dio Bera Bera eskubaloi taldeak. Ligako titulurako finalerdietako joanekoa izan zuen atzo, Galizian, eta lau goleko abantaila eskuratu zuten Porriñoren kontra (28-32). Beste behin ere, Elba Alvarez galiziarra izan zen jokalari erabakigarriena, zortzi golekin. Itzulerakoa larunbatean jokatuko da, Gaska kiroldegian, 19:00etan. Finala gertuago dute donostiarrek.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ez du etxeko faktorea baliatu asteburuan, eta ACB ligara igotzeko aukerak nabarmen gutxitu zaizkio. Izan ere, Gaskan jokaturiko bi neurketak galdu zituzten Oviedoren aurka Sergio Garciaren mutilek. Iragan ostiralean, asturiarrek askoz hobeto arituta irabazi zuten (79-93), eta atzo, lehia estuagoa izan bazen ere, donostiarrak ez ziren gai izan arerioa menderatzeko (75-83). Hurrengo partida Oviedoren pistan jokatuko da, eta haiek irabaziz gero, Gipuzkoa Basket kanporatuko dute.
Futbolean, Realak agurrik tristeena eskaini zion Aritz Elustondori. Beasaingoak ez du talde txuri-urdinean jarraituko, klubak berritzeko aukerarik eman ez diolako. Aldiz, omenaldi sentitua eskaini zioten atzo, Anoetako denboraldiko azken neurketan. Agurra Valentziari irabazita borobiltzeko aukera zuen Realak, eta eskura izan bazuen ere, galtzea erabaki zuen. Izan ere, txuri-urdinak irabazten hasi (1-0), bi gol jaso (1-2), markagailua irauli (3-2) eta aurkaria bat gutxiagorekin geratu ondoren, porrota erraztu zuten defentsako lan penagarriarekin (3-4). Kopa irabazi arren, ligako denboraldi txarra berretsi zuten, eta zaleak errudunen bila dabiltza. Jokalariak, kirol zuzendaria, presidentea ala entrenatzailea? Duela hilabeteko poza zeharo mikaztu da, tamalez.
Belar hockeyan, Realak zigor handiegia jasan zuen atzo, Poloren zelaian (4-0). Soilik sasoiko azken partida falta zaie txuri-urdinei, eta garaipen batekin bukatzen ahaleginduko dira.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga irabazteko finalerdiak, joanekoa
- Porriño 28 – Bera Bera 32
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, lehen mailara igotzeko kanporaketa
- Gipuzkoa Basket 79 – Oviedo 93
- Gipuzkoa Basket 75 – Oviedo 83
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 37. jardunaldia
- Reala 3 – Valentzia 4
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Polo 4 – Reala 0


