Mischa Bredewolden Itzulia
Yara Kastelijn, Mischa Bredewold eta Lauren Dickson, ezkerretik eskuinera, Bulebarreko podiumean.Sprint Cycling Hirugarrenean lortu du. Malko artean ospatu zuen atzo Euskal Herriko Itzuliaren garaipena Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarrak, Bulebarreko helmuga gurutzatu berritan. 2025ean eta 2024an azken etapan liderraren maillota galdu eta bigarren bukatu ondoren, azkenean, Itzulia irabazi du. Hori bai, asko sufrituta.
Pasa den ostiralean, Zarautzen hasi eta bukatu zen lehen etapan, Bredewold izan zen azkarrena, eta liderraren elastikoa jantzi zuen. Larunbateko Abadiño eta Amorebieta-Etxano bitarteko bigarren etapan, berriz, bigarren tokian sailkatu zen, Dominika Wlodarczyk (UAE) irabazle poloniarraren atzetik.
Atzo, berriz, Donostian hasi eta bukatu zen etapa erabakigarria jokatu zen. Igeldoko Mendizorrotz mendatearen maldetan atzean geratu zen Bredewold, eta azken bi urteotan gertaturikoa errepikatu zitekeela zirudien. Ordea, galdutako denbora berreskuratu, eta lidergoari eutsi zion Bulebarreko helmugan, seigarren sailkatuta. Aldiz, Wlodarczyk eskuratu zuen etapa, bigarrena jarraian.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Yara Kastelijn (Fenix) herbeheretarrak bigarren tokian bukatu zuen eta Lauren Dickson (FDJ) ingelesak hirugarren. Bestalde, nabarmentzekoa da Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) zarauztarraren Itzulia, zazpigarren postuan bukatu zuelako.


